Uholdeen kontrako protokoloa martxan jarri du Udalak

Uztarria.eus 2016ko ots. 27a, 21:13

Ostiral gauetik ia etengabe eta mardul egin du euria. Ibaiak oso hazita datoz, eta iluntzearekin batera Madalena auzoan urak hartu ditu bazterrak, eta errepideetan putzu handiak sortu dira toki batzutan, Loiola aldean bereziki. Egoera ikusita, Azpeitiko Udalak Uholdeen kontrako protokoloa martxan jarri duela iragarri du, eta gomendio hauek eman dituzte:

  1. Erreka eta ibai bazterretan ez utzi ibilgailurik. Gerta liteke urak gainezka egitea.
  2. Madalena auzoan ez aparkatu eta kotxeak kendu.
  3. Kendu ibilgailuak ur-putzuak sor daitezkeen inguruetatik eta urpetu daitezkeen garajeetatik.
  4. Arreta berezia Madalena, Enparan eta Jose Artetxeko garajeetan. Baita Loiolako etorbidean ere.
  5. Ahal izanez gero, ez hartu autoa. Bidaiatu behar izanez gero, ibili errepide nagusi eta autobideetatik.
  6. Erretiratu urak eramateko moduko gauzak, batez ere kutsadura eragin dezaketen produktu arriskutsuak.
  7. Begiratu inguruko estolderia ondo dagoen eta bestela abixatu Udaltzaingora (943151313) edo 112ra.

21:00: Enparan kaleko ibaialdeko garajeetan ura sartzen ari dela eta kotxeak bertatik ateratzeko abisua eman du Udaltzaingoak.