Azpeitiko Sarerekin "elkarlanean aritzeko borondatea" adierazi dute hainbat herritarrek

Uztarria.eus 2016ko ots. 27a, 14:27
Azpeitiko Sare Herritarreko kideak eta herritarrak, 'Hartu trena!' ekimenaren aurkezpenean.

Presoen eskubideen aldeko plataformak Hartu trena! ekimena aurkeztu du gaur Sanagustin kulturgunean, herriko eragileen ordezkari eta norbanakoen babesarekin. "Giza eskubideen tren hau martxan dago, eta ez du etenik", diote.

Sare Herritarrak abiatu duen Hartu trena! ekimen berria gaur, zapatua, aurkeztu du herrian Azpeitiko Sare Herritarrak. Sanagustin kulturgunean egin duten agerraldian, herriko hainbat sektoretako eragileen ordezkariak zein norbanakoak izan dituzte ondoan Sareko kideek.

"Bilbo eta Baionako manifestazioak oso jendetsuak izan ziren, baina argi genuen urtarrilaren 9an ez zela ezer amaitzen. Aitzitik, lanean sakontzeko ordua dugu hau, herriz herri, auzoz auzo eta sektorez sektore sarea ehuntzen jarraitzekoa. Giza ezkubideen tren hau martxan dago, eta ez du etenik", azaldu dute aurkezpenean.

Azpeitiko Sare Herritarrarekin "elkarlanean aritzeko borondatea" adierazi dute agerraldian parte hartu duten herritarrek, "euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideak urratuak izaten jarraitzen dutela" gogoan hartuta. Horren harira, gogora ekarri dute egun hiru azpeitiar Frantziako eta Espainiako espetxeetan daudela, "eta bisitara doazen senide eta lagunek 3.085 kilometro egin behar izaten dituzte asteburuero. Sakabanaketak eta urruntzeak presoen eta beren senideen eta lagunen giza eskubideak urratzen ditu". Beraien zein senideen giza eskubideak errespetatuz, "euskal presoak baldintzarik gabe euskal herriratuak izan behar dutela exijitzen" dute, eta larriki gaixo dauden presoak aske uztea eskatu dute. Lorentxa Guimon lapurtarraren kasua aipatu dute. Gaixotasun larri bat medio dela, aste honetan eman diote hari baldintzapeko askatasuna: "Garaipen bat izan arren, berandu datorren erabakia da, larritasuna muturreraino iritsi arte" eduki dutelako preso. "Egoera erregularizatzeko arazoekin" herritik kanpo aurkitzen diren bi azpeitiarrentzako "mendekuan oinarritu gabeko aterabidea ematea" ere eskatu dute agerraldian. Eta, azkenik, Espainiako eta Frantziako gobernuei luzatu diete eskaera, "mendekuan oinarritutako espetxe politikak konponbide norabidean" jar ditzaten.

Ekarpenak egiteko gonbita

Azpeitiko Sare Herritarreko kideek astelehenero 19:00etan Sanagustinen elkartzen direla jakinarazi dute, eta "edozein ekarpen egiteko bertara agertzeko" gonbita luzatu diete nahi duten guztiei.