Lapatxen itxieraren gaian "gardentasunez ekitea" eskatu dute Elosiaga auzoko bizilagunek

Uztarria.eus 2016ko ots. 26a, 13:45

"Justiziaren eta arrazoiaren izenean", Lapatx ixtearen alde agertu dira Elosiagako bizilagunak. "Egiaren bidetik" irtenbide bat aurkitu nahi dutela azpimarratu zuten, atzo, osteguna, egindako agerraldian. 

Elosiaga auzoko bizilagunek agerraldia egin zuten atzo, osteguna, "Lapatx zabortegiaren arazoaren aurrean zein egoeratan" aurkitzen diren azaltzeko. 

"Guk ez dugu alderdien politiketan nahastu nahi; guk irtenbideren bat aurkitu nahi dugu, egiaren bidetik beti" azaldu zuten elosiagatarrek agerraldian. Elosiaga Bekoa inguruko biztanleei egoera "guztiz okertu" zaiela adierazi zuten "usain nazkagarriak" jasaten ari baitira. Gaineratu zuten "zalantzarik ez" dutela Lapatxetik datozen usain eta gasek "ondorio kaltegarriak" izan ditzaketela beraiengan. 

Bestalde, azaldu zuten hiru data zehatzetan agindu izan zaiela zabortegiaren itxiera baina "hiruretan ez dute hitza bete", azpimarratu zuten. Bestalde, Urola Erdiko Mankomunitatearen Batzordeak eta baita Azpeitiko Udalak plazaratu duten Lapatx ixteko erabakia "erakunde horietan ordezkatuak dauden alderdi politikoek hartutakoa" dela nabarmendu zuten.  "Justiziaren eta arrazoiaren izenean gu Lapatx ixtearen alde gaude eta gure arrazoiak ez dira politikoak, ingurugiro Diputatu Asensio jaunak dioen bezela", adierazi zuten elosiagatarrek atzoko agerraldian. 

Gaiaren gainean "gardentasunez ekitea" eskatu zuten elosiagatarrek eta gaineratu zuten "Lapatxek eragiten dituen arazoei buruzko informazio argi eta garbiaren bidez azpeitiar guztien kontzientziak astindu nahi" dituztela.

Hemen Elosiaga auzoko bizilagunen oharra, osorik: 

Agiri honen bidez Azpeitiko Elosiaga Auzoa osatzen dugun 82 baserri eta etxebizitzetako biztanleok Lapatx zabortegiaren arazoaren aurrean zein egoeratan aurkitzen garen azaldu nahi genuke. Guk ez dugu alderdien politiketan nahastu nahi; guk irtenbideren bat aurkitu nahi dugu egiaren bidetik beti.

Lapatxeko zabortegia 1988an ireki zen Urola Erdiko Mankomunitatea osatzen duten herrien hondakinak tratatzeko, hau da, Azpeitia, Azkoitia, Zestoa, Aizarnazabal, Errezil, Bidania-Goiatz eta Beizamakoak baina, jakina denez, hondakinen atalean Gipuzkoa jasaten ari den egoera larria dela eta, gaur Lapatxen bukatzen ari dira baita Gipuzkoako gainontzeko Mankomunitateetatik datozen hondakinak ere.  

Gauza da Elosiaga Bekoa inguruko bizilagunei egoera guztiz okertu zaiela. Usain nazkagarriak jasaten ari dira eta ezin dituzte etxeko leihoak zabaldu, nonahi azaltzen zaizkien arratoiek larritasuna eragiten diete, umeengatik bereziki, Errezil ibaiaren bidea aldatzearen eraginez harriak eta uholdeak izaten dituzte… Zalantzarik ez dute gainera usain eta gas hauek denak ondorio kaltegarriak izan ditzaketela beraien eta azpeitiar guztien osasunarengan.

Hiru data zehatzetan agindu zaigu zabortegiaren itxiera eta hiruretan ez dute emandako hitza bete. Duela gutxi Urola Erdiko Mankomunitatearen Batzordeak Lapatx ez handitzea erabaki zuen, 2016ko otsailaren 3a izango zela beste gainontzeko komunitateetako hondakinak jasotzeko azken epea, gero Lapatx bete bitarte Urola Erdiko Mankomunitatetik zetozenak bakarrik onartuko zirela eta, ondoren, zabortegia behin betirako itxiko zela. Gainontzeko Mankomunitateei elkartasun keinu bat eginez,itxiera data luzatu dute zabortegia bete arteraino, hau da, beste 3 edo 4 bat hilabetez, nahiz eta Hondakinen Kontsortzioak (GHK) zaborrak kamioiez Kantabriara bidaltzeko erabakiak zertxobait atzeratuko duen Lapatxen erabateko betetzea.

Azpimarratu nahi dugu bai Urola Erdiko Mankomunitatearen Batzordeak eta baita Azpeitiko Udalak plazaratu duten Lapatx ixteko erabakia erakunde horietan ordezkatuak dauden alderdi politikoek hartua dela, aho batez gainera. GHK-k ixteko erabakia onartuko ez balu, Azpeitiko Udalak gaiari buruzko herri-kontsulta agindu digu. Justiziaren eta arrazoiaren izenean gu Lapatx ixtearen alde gaude eta gure arrazoiak ez dira politikoak, Ingurugiro Diputatu Asensio Jaunak dioen bezala.

Esandako guztia kontuan hartuta, gardentasunez ekitea eskatu nahi dugu. Lapatxek eragiten dituen arazoei buruzko informazio argi eta garbiaren bidez azpeitiar guztien kontzientziak astindu nahi genituzke, bide honetan lagun gaitzaten.

Behin beteta, Lapatx berehala itxi behar da. Nahiko zama datorkigu azpeitiarrei gero ere, behin zabortegia erabat itxita, gutxi gorabehera beste 30 urteko tratamendua beharko baitu Lapatxek. Beraz, ez dugu ontzat hartuko gaur bizi dugun egoera oraindik eta haratago luzatzea, ezta herritarren mobilizazioak prestatzera bultzatuko gintuzten iruzur eta gezur gehiago onartuko.