Lanbide Heziketako zikloa eskainiko dute Azkoitian, mendekotasuna duten pertsonen arretarako

Urola Kostako Hitza 2016ko ots. 25a, 17:42
Urola Ikastolako zuzendaritzako Alberto Izagirre eta Mikel Alberdi, Eneko Etxeberria alkatea eta Edurne Zubia Gizartekintzako teknikaria. (ENERITZ ALBIZU LIZASO)

Urola Ikastolan izango da bi urteko ikastaroa, eta apirilean egin daiteke aurrematrikula. Azpeitiko Udalak bost hilabeteko eskola homologatuak eskaini izan ditu 2012tik, eta eredu horretan oinarritu dira.

Mendekotasun egoeran dauden pertsonentzako arreta deituriko erdi-mailako zikloa eskainiko du Urola Ikastolak Azkoitian, datorren ikasturtetik aurrera. Orain artean, egurraren, mekanikaren eta administrazioaren sektoreak landu dituzte eskola horretan; orain, "gizartearen beharrei" erantzuteko jarri dute ziklo berria, Alberto Izagirre Urola Ikastolako zuzendariak azaldu duenez. "Lan munduan aukera handia ematen duen" prestakuntza dela nabarmendu dute zikloaren sustatzaileek. Izan ere, esan dute mendekotasun egoeran dauden pertsonez hitz egitean, adinekoez gain, elbarriez, gaixoez edo buruko osasun arazoak dituztenez ere ari direla. Ziklo hori egiten dutenek etxez etxeko zerbitzuak eskain ditzakete, egoitzetan lana egin edo hezkuntza bereziko pertsonen laguntzaile izan, besteak beste.

Lanbide Heziketako bi urteko zikloa izango da, eta aurrematrikula egiteko aukera jarriko dute beste ikastaroekin batera, apirilean. Uztailean izango da matrikula egiteko tartea. Gutxienez, 15 ikasle beharko dituzte zikloa osa dadin; eta, gehienez, 25. Izena ematerakoan, ikasleek aukeratu beharko dute goizez edo arratsaldez jaso nahi dituzten eskolak, eta adierazi beharko dute zer gaitasun dituzten hizkuntzari dagokionez. "Gure apustua da ikastaroa euskaraz ematea; gainera, ikusten dugu bailara honetan lana egiteko, hizkuntza menderatu behar dutela profesionalek. Dena den, aztertu egin beharko da ikasleen perfila, eta arazoak badituzte hizkuntzarekin, ikusi beharko dugu haiekin nola jokatu D ereduan", azaldu du Mikel Alberdi Urola Ikastolako zuzendari ondokoak.

Albiste osoa, Urola Kostako Hitza-ren webgunean.