Urrezko Aizkolarien Binakako Txapelketako finala jokatuko da igandean, Izarraitz pilotalekuan

Uztarria.eus 2016ko ots. 25a, 14:43

Aitzol Atutxa, Atutxa II.a eta Ugaitz Mugertza, Mugertza II.a; Laurence O'Toole eta Iker Vicente; eta Jon Rekondo eta Ruben Saralegi bikoteak lehiatuko dira finalean. Norgehiagoka 12:00etan hasiko da eta sarrerak egunean bertan egongo dira salgai, 20 eurotan, frontoiko txarteldegian. 

Igandean, otsailak 28, izango da Urrezko Aizkolarien Binakako Txapelketa Eusko Label Sari Nagusiaren finala, Izarraitz pilotalekuan, 12:00etan hasita. Finalean lehian arituko dira Aitzol Atutxa, Atutxa II.a eta Ugaitz Mugertza, Mugertza II.a; Laurence O'Toole eta Iker Vicente; eta Jon Rekondo eta Ruben Saralegi bikoteak. Sarrerak egunean bertan erosi ahal izango dira, 10:30etik aurrera frontoiko txarteldegian. 16 urte azpikoek ez dute sarrera ordaindu beharrik izango; gainerakoek, baina, 20 euro ordaindu beharko dute sarrera.

Honako lanak egin beharko dituzte finalera iritsitako sei aizkolariek:

  • Erlojuaren kontra: 45 ontzako enbor bana.
  • Zutika 60 ontzako enborra.
  • Bina 60ko bikotekide bakoitzak.
  • Zutik eta etzanda: 45 ontzakoa zutik eta kanaerdikoa etzanda.
  • Txanda librean: lau kanaerdi eta lau 60 ontzako.

Luis Mari Bengoa txapelketaren antolatzaileak azaldu duenez, "urteak dira finala Azpeitian jokatzen dela" eta azpimarratu du Udalak beti "harrera ona" egin izan diela antolatzaileei. "1998an hasi ginen probarekin, aizkoraren munduak lurra jo zuenean. Orduan Tolosan eta Azpeitian soilik egin zen txapelketa eta lehen ekitaldi hartan dirua galtzen irten ginen. Azpeitiko Udalean zeuden kideak, baina, prest agertu ziren diru-laguntza ematera, txapelketarekin aurrera jarraitzeko", azaldu du Bengoak. Horrez gain, esan du "hasiera batean bi herritan egiten bazen ere txapelketa, gero Euskal Herriko beste herri batzuetara ere zabaldu genuen. Finala beti Azpeitian izaten zen, ordea". Orduz geroztik eta orain bitarte Azpeitian jokatu da txapelketako finala eta Luis Mari Bengoak adierazi duenez, "gu antolatzaile garen bitartean eta Udalak hala nahi badu, horrela izaten jarraituko du". Estitxu Elduaien Udaleko Kirol batzordeburuak, bere aldetik, adierazi du "Udalak eskura dituen baliabide guztiak" ipiniko dituela txapelketa "ahalik eta ondoen irteteko".

Lehia estua

Luis Mari Bengoaren esanetan, "Laurence O'Toole-k eta Iker Vicentek lan txukuna egin dute eta, faborito bezala ikusi ahal badira ere, guztia igandean jokatu eta ikusiko da". Izan ere, Bengoak gogoratu du azken urteetan txapeldun izan diren Atutxa II.a eta Mugertza II.a ere "ondo" aritu direla.

Aitzol Atutxak ere hartu du hitza gaur, osteguna, eman duten prentsaurrekoan. "Azpeitian halako finalak jokatzea ohitura bihurtu da niretzat eta etxean ditudan ia txapel guztietan 'Azpeitia' jartzen du; beraz, asko akordatzen naiz Azpeitiarekin. Ea aurten ere akordatzen garen", adierazi du bizkaitarrak. Horrez gain, esan du Laurence O'Toolek eta Iker Vicentek "eman zuten erakustaldia" eta gero faborito bezela badaude ere, eurek ere badutela esperantza. "Esperantza txiki bat ikusiko ez bagenu ez ginateke iganden etorriko". Jon Rekondok eta Ruben Saralegik osatzen duten bikotea ere ezin dela ahaztu deritzo Atutxak. "Denok ditugu aukerak", azpimarratu du.

Iker Vicentek, bere aldetik, esan du bai bera eta bai Laurence O'Toole "pozik" daudela orain arte egindako lanarekin eta finalean egotearekin. Igandean "guztia ematera" irtengo direla azpimarratu du. Jose Mari Olasagasti aizkolaria ere izan da gaurko aurkezpenean eta hark esan du "oso estua" izango dela finala. Olasagastiren aburuz, hiru bikoteak "ondo prestatuta" daude eta igandekoa "egun handia izango da".

ETB1ek igande arratsaldean eskainiko du Urrezko Aizkolarien Binakako Txapelketa Eusko Label Sari Nagusiaren finala, 16:00etatik aurrera.