Eroskik Azpeitian beste saltoki bat irekiko duela iragarri du

Uztarria.eus 2016ko ots. 23a, 16:26
Landu enpresaren pabilioi zaharrak (argazkian) dauden tokian irekiko dute Eroski berria.

Joan XXIII.a kalean jarriko dute, Landu altzari enpresaren pabilioi zaharren tokian, eta 2017ko lehen hiruhilekoan martxan izatea espero dute. Saltoki berriak 35 lanpostu sortuko dituela esan dute; 1.415 metro koadro eta 85 aparkaleku izango ditu.

Azpeitian saltoki berria irekiko duela iragarri du Eroski supermerkatu kateak, herrian jarriko duen hirugarrena. Joan XXIII.a kalean jarriko dute, Landu altzari enpresaren pabilioi zaharren tokian, eta 2017ko lehen hiruhilekoan martxan izatea espero dute. Saltoki berriak 35 lanpostu sortuko dituela esan dute.

Saltokiaren ondoren aparkalekuak ere eraikiko dituzte; 1.415 metro koadro eta 85 aparkaleku izango ditu, Zurekin ereduko Eroski berriak. "Bezeroari arreta pertsonala ematea, kontsumitzaileak aukera askatasun handia izatea eta tokiko produktuen aldeko apustu sendoa egitea" dira, Eroskiren esanetan, supermerkatu eredu berri horren hiru ezaugarri nagusiak. "Kooperatibak Euskal Autonomia Erkidegoan lehentasunezko eragina duten eremuak indartu nahi ditu, eta estrategia horren barnean sartzen da Azpeitiko etorkizuneko supermerkatua", azaldu du Eroskik ohar bidez.

Joan XXIII.a kalean irekiko duenarekin hiru saltoki izango ditu Eroskik Azpeitian, Sanjuandegikoarekin eta Gureak taldearekin batera iaz Bustinzuriko Errebalean jarritakoarekin.