Anartz Izagirrek bigarren saria eskuratu du Xabier Portugal Pasaia Hiria olerki lehiaketan

Uztarria.eus 2016ko mar. 15a, 13:22
Anartz Izagirre.

Forma geometrikoak zure baitan lanarekin eskuratu du euskarazko bigarren saria azpeitiarrak. 

Anartz Izagirrek (Azpeitia, 1994) Xabier Portugal Pasaia Hiria olerki lehiaketako bigarren saria eskuratu du, euskarazko olerkien mailan. Forma geometrikoak zure baitan olerki bilduma aurkeztu zuen azpeitiarrak literatur sariketara, "sentimendu abstraktuen inguruko olerki bilduma" Izagirreren hitzetan. "Sentimenduek, forma geometrikoen antzera, beraien mugak izan ditzakete, erpinak nahiz ikuspuntuak", azaldu du Anartz Izagirrek, eta ideia horretan oinarrituta osatu ditu olerkiak.

Euskarazko lehen saria Garazi Ugalde lezoarrak irabazi du. Guztira, hirurogeita zortzi olerki aurkeztu dira lehiaketara eta horietatik zazpi izan dira euskarazkoak. 

Ostegunean, martxoak 17, izango da sari banaketa Trintxerpeko liburutegian. Behin sariak banatuta, olerki bilduma sarituak liburu banatan argitaratuko dituzte.