2015eko Sustapen Planaren balorazio "oso positiboa" egin dute Udalak eta Azpeitia Lantzenek

Uztarria.eus 2016ko ots. 19a, 14:27

Iaz, 350.000 euro bideratu zituen Udalak ekonomia sustatzeko planera. Emaitza "onak" izan direla esan dute baina oraindik "erronkak" badaudela. Horregatik, 2016an ere martxan jarriko dute Sustapen Plana. 

Iazko Sustapen Planaren balorazio "oso positiboa" egin du Azpeitiko Udalak eta Azpeitia Lantzenek. Hala adierazi dute gaur, ostirala, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak, Estitxu Elduaien zinegotziak eta Iñaki Zabaleta Iraurgi Lantzeneko kideak egin duten agerraldian. 

Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak azaldu duenez, 350.000 euro bideratu zituen Udalak 2015ean sustapen ekonomikoa bultzatzera eta "lan postu duinak" sortzea sustatzera. Izan ere, Etxeberriak adierazi duenez,  Udalaren "erronka" da langabeziari aurre egitea. Sustapen Planera bideratutako diruaz aparte, Udaletik "formazioa lortze aldera begira, beste hainbat egistasmo" bultzatu zituztela aipatu du alkateak.

Estitxu Elduaien zinegotziak adierazi duenez, Udalak 28 lan kontratu lagundu zituen diruz, iaz. Bestalde, 74 proiektu eskaerari ere sustengu ekonomikoa eman ziztaiela azaldu du. Iraurgi Berritzen Urola Erdiko Berrikuntza eta Garapen Agentziak, bere aldetik, 150.000 euro bideratu zituen 2015ean ekonomia sustatzeko proiektuetara. Guztira, 49 proiektu lagundu zituen eta horietatik 30 ziren Azpeitikoak.   

Ekonomia sustatzeko diru laguntzak lau lerrotan bideratzen direla azaldu du Iñaki Zabaleta Azpeitia Lantzeneko kideak. "Proiektu industrual edo estrategikoak bultzatera, langileen lan baldintzak hobetzera, izaera soziala duten proiektuak laguntzera eta merkataritza arloa nahiz lehen sektorea bultzatzera", hain zuzen.   

2013. urtean jarri zen martxan sustapen plana. Orduztik sortu diren lanpostuak zenbat diren jakitea "zaila" dela esan du Estitxu Elduaienek. Hala ere, azaldu du, guztira 186 proiektu edo eskaera diruz lagundu dituela Udalak. Nahiz eta sortu diren lanpostuen berri ez jakin, lanbagezia tasak 3,49 puntu jaitsi dela azaldu du eta hori "esanguratsua" dela. 

Sustapen Plana 2016an ere

Aurten ere Udalak martxan jarriko du sustapen ekonomikorako plana."Oraindik erronkak badaude, ez dugu hor gelditu behar eta lanpostu duinak sortzen jarraitu behar dugu", adierazi du Eneko Etxeberriak. Horrez gain, "herritarren lan baldintzak benetan kezkatu gaituzte", esan du eta azpimarratu du orain arteko sustapen planen emaitzei esker, Azpeitia "erreferente" dela Gipuzkoan. Aurten 300.000 euro bideratuko ditu Udalak Sustapen Planera eta beste 200.000 euro formakuntza sustatzeko egitasmoetara.