Daniel Murgiondo Euskadiko Euskal Pilota Federazioko ordezkari San Frantziskon

Uztarria.eus 2016ko ots. 17a, 14:57
Daniel Murgiondo azpeitiarra (ezkerrean) San Frantziskon jokatutako partida batean. (Euskadiko Euskal Pilota Federazioa)

Joan den asteazkenetik dago San Frantziskon (AEB) Daniel Murgiondo (Azpeitia, 1991) pilotaria. Euskadiko Euskal Pilota Federazioko ordezkari gisa joan da hara azpeitiarra eta berarekin hitz egin du Uztarria.eus-ek. 

Daniel Murgiondo (Azpeitia, 1991) pilotaria San Frantziskon dago duela astebetetik. Euskadiko Euskal Pilota Federazioko ordezkari moduan joan zen Murgiondo Ameriketara. Bertan bi partida jokatu ditu eta biak irabazi ditu. Azpeitiarrarekin hitz egin du Uztarria.eus-ek. 

Nola hartu zenuen ordezkari izateko berria?

Oso pozik eta gogo handiarekin. 2015eko Elite Txapelketa irabazi nuelako lortu genuen ordezkari izatea nire bikotekideak eta biok. Lau pilotari etorri gara, ordea, eta beste biek 2015eko Euskal Herriko txapelketa irabazi zutelako lortu zuten ordezkari izatea. Xabier Santxo usurbildarra, Igor Azpiri elorriotarra eta Aitor Gorrotxategi hernaniarra dira nirekin batera San Frantziskon izan diren pilotariak. Bi txapelketa horiek Euskal Herriko Pilota Federazioak antolatzen ditu eta irabazleak izaten dira ordezkari, urtero. 

Zer  izan da zuen egitekoa San Frantziskon?

Euskal Astea ospatzen da urtero San Frantziskon eta horren harira guk bi pilota partida jokatu ditugu, erakustaldi bezala. Izan ere, Euskal Herriko kulturari keinu egiten diote aste osoan zehar, bertako tradizioak eta festak oroituz. Horren harira, bertsolariak, dantzariak, herri bazkariak nahiz afariak eta erromeria antolatzen dituzte, besteak beste. Horiez gain, pilota partidak jokatzen dira modalitate ezberdinetan. Ekimen guztiak Euskal Etxean izaten dira eta frontoia ere bertan dago. 

Zenbat denborarako joan zarete hara?

Astebete egin dugu hemen. Joan den asteazkenean, otsailak 10, iritsi ginen San Frantziskora eta gaur, otsailak 17, itzuliko gara. 

Nolako esperientzia izan da?

Oso aberasgarria izan da. Garai batean Euskal Herritik alde egin behar izan zuten pertsonekin denbora luzez hitz egin dugu eta euren esperientziak eta bizipenak azaldu dizkigute. Gustura aritu dira gurekin hizketan eta guk are gusturago entzun ditugu beraien kontuak. Euskal Astea oso garrantzitsua da eurentzat eta ilusio handia egiten die gu hona etortzeak. Bertako aitonekin eta haien bilobekin harreman handia egin dugu eta benetan ederra izan da. Benetan hunkitu eta poztu nau euskaraz hitz egiteari eusten diotela ikusteak. Gainera, uste dut, oraindik ere horretan jarraituko dutela. Izan ere, lan handia egiten dute euskara eta euskal kultura ezagutarazi eta zaintzeko. Horren adibide da euskara irakasten dutela. Bestalde, San Frantzisko hiria ikusteko aukera ere izan dugu eta alde batera eta bestera ibili gara, denborarik galdu gabe. Benetan ederra izan da esperientzia eta penaz itzuliko naiz Azpeitira.