Ingurua garbi mantentzea "denon ardura" dela nabarmendu du Udalak

Uztarria.eus 2016ko ots. 16a, 19:23
Udal langileak Lasaorako bidegorri bazterrak garbitzen, gaur. (AZPEITIKO UDALA)

Lasaorako bidegorriaren bazterretako zikinkeria dela-eta herritar batek Uztarria.eus-i helarazitako kexaren harira, "gu ere konturatuta geunden bazterretan zikinkeria ugari zegoela inguru horretan, eta gure lanen zerrendan genuen", adierazi du Josu Labaka zinegotziak. Argitaratutako kexaren ondoren, udal langileek inguru hori gaur bertan txukundu dutela jakinarazi du Udalak.

"Ardura falta" salatuz, Azpeitia eta Lasao arteko bidegorriaren bazterretan pilatutako zikinkeria erakusten duten bi argazki bidali zituen herritar batek atzo, astelehena, Uztarria.eus-era. Salaketa horren harira gaur, asteartea, oharra plazaratu du Azpeitiko Udalak, ingurua garbi mantentzea "denon ardura" dela nabarmenduz, "garbi mantentzeko lehen pausoa ez zikintzea baita".

Herriko kaleak eta inguruak txukun mantentzeko "baliabide eta indar ugari" jartzen dituela dio Udalak; 2016rako, kale garbiketarako udal aurrekontua 625.000 eurokoa dela azaldu dute, eta hamalau udal langile aritzen direla eginkizun horretan. Madalenatik Loiola bitarteko "auzo eta kale guztiak egunero garbitzen" dituztela gogoratu dute, "baita Urrestilla ere".

Hala ere, dena txukun mantentzea ez dela "erraza" eta ez dagoela "Udalaren esku soilik" azpimarratu nahi dute udal arduradunek. "Garbitzea gure ardura da, bai. Baina garbi mantentzea herritar ororen konpromisotik abiatzen da", adierazi du Josu Labaka zinegotziak. Lasaorako bidegorriaren bazterretako zaborrari dagokionez, "aurreko astean Foru Aldundiko beharginak bidegorriko mantenu lanak egiten aritu ziren justu. Gu ere konturatuta geunden bazterretan zikinkeria ugari zegoela inguru horretan, eta gure lanen zerrendan genuen", azaldu du Labakak. Uztarria.eus-en zabaldutako kexa ikusi ondoren, inguru horren garbiketa lan zerrendan aurreratu eta udal langileak gaur bertan hura txukuntzen aritu direla jakinarazi du Udalak. "Ez da ertzetan zikinkeria pilatzen den leku bakarra, eta tarteka ohiko garbiketaz gain, garbiketa bereziak ere egiten dira hainbat puntutan", gaineratu dute.

Kontzientziazioan ahalegina

"Herria garbi mantentzea herritar guztion esku" dagoela errepikatu du Udalak bere oharrean, eta gai honen gainean egiten den kontzientziazio lana ekarri du gogora, Urola ibaia garbitzeko urtero egiten den auzolana adibide bezala jarrita.