Zabalik da dagoeneko Lasaoko Herri Etxea

Uztarria.eus 2016ko ots. 15a, 13:27
Ostiraleko inaugurazio ekitaldiko irudi bat (Azpeitiko Udala)

Ostiralean, otsailak 12an, zabaldu zuten auzo lokala Lasaon. Inaugurazio ekitaldian izan ziren bi udaletako ordezkariak eta Maria Jose Azkue auzo alkatea. Auzokideak "lokalari eta auzoari bizia ematera" animatu zituen Azkuek.

Joan den ostiralean, otsailak 12an, zabaldu zuten Lasaoko Herri Etxea. Inaugurazio ekitaldian izan ziren, besteak beste, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea eta Josetxo Mendizabal Zestoako alkatea. Maria Jose Azkue auzo alkatea ere inaugurazio ekitaldian izan zen, hainbat auzotar, bertsolari eta trikitilariekin batera.

Eneko Etxeberria alkateak "proiektua lortzera bidean, aurreko agintaldian lanean aritu ziren udal ordezkariei eskerrak" eman zizkien. Bestalde, adierazi zuen, Lasao ez dela "auzo ahaztua" eta aurrera begira "auzotarrekin elkarlanean gauza gehiago" egingo dituztela.

Mari Jose Azkue auzo alkateak, bere aldetik, auzotarrak "lokalari eta auzoari bizia ematera" animatu zituen. 

Lasaoko bizilagunen azken urteetako eskaerari erantzunez, 2014ko irailean sinatu zuten Azpeitiko eta Zestoako Udalek lokala egiteko hitzarmena. Guztira, 103.000 euroko aurrekontua izan du Lasaoko Herri Etxearen proiektuak.