Azkoitia-Donostia autobus linearen erabiltzaileen proposamenak eta eskaerak jaso ditu Udalak

Uztarria.eus 2016ko ots. 12a, 19:13

Azkoitia-Donostia autobus linearen Amarako geltokia kentzeak eta Urola Kostako autobusak hiriburuan estreinatu berri duten estaziora ez iristeak sortu dizkien eragozpenak eta kexak mahai gainean jarri zituzten atzo, osteguna, hainbat erabiltzailek, Udalak deituta eginiko bileran.

Joan den astean Urola Erdiko udaletako ordezkariek Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa departamenduko arduradunekin egin zuten bileran jasotako azalpenen berri emateko, eta geltoki murrizketari buelta emateko alternatibak garatzeko deitu zuen bilera Udalak. Eneko Etxeberria alkateak azaldu zuen Urola Kostako autobusak estazio berrira ez iristearen eta Amarako geltokia kentzearen arrazoien artean Donostiako Udalaren ezezkoa aipatu zietela Aldundian, "hiri barruan trafiko gehiago ez dutelako nahi"; eta estazioaren edukiera ere bai, "estazio berriak arazo handiak dauzkala, nahiko lekurik ez". Azpeitikoak eta beste udalek aldaketen berri "prentsaren bidez" izan zutela ere azpimarratu zuen, eta Urola Kostakoak direla estazio berrira joango ez diren autobus bakarrak. "Zergatik gu bakarrik? Ez zuten erantzunik eman". Alkatearen esanetan, "gaia ez da Azpeitikoa bakarrik, eskualde osokoa da. Baina egia da, azpeitiarrak izan garela mugitu garenak".

Alternatibak aurkeztekotan geratu ziren bilera hartan udalak, eta alternatiba horiek aztertzekotan Aldundikoak, "baina ez dute ezer agintzen", azpimarratu zuen Etxeberriak, soluzioa ez dagoela beraien esku azpimarratuz. Hala ere, bileran elkartutakoen proposamenak jaso eta beste udalei eta Aldundiari aurkeztuko dizkiete. Bileran parte hartu zuten erabiltzaileek argi adierazi zituzten beren ezinegona eta haserrea. Azpeititik Donostiara doazen autobusak, edo horietako batzuk behintzat, berriro Amaratik igarotzeko alternatiba bat baino gehiago ere jarri zituzten mahai gainean, Antiguako eta Amarako sarrerak txandakatuz, edo Donostia barruko ibilbidean aldaketak proposatuz. Eskualdeko autobusak estazio berrira iristearen edo, gutxienez, inguratzearen aldeko jarrera defendatzea ere eskatu zioten Udalari.