Telefono, gas eta argindar zerbitzuek eragin zituzten iaz ere kontsumitzaileen erreklamazio gehienak

Uztarria.eus 2016ko ots. 12a, 18:08

Azpeitiko eta Azkoitiko Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoak (KIUB) guztira 482 kontsulta eta 204 erreklamazio bideratu zituen 2015ean. Merkataritza arloko kontsultak dira kopuruz gehien hazi direnak.

Azpeitiko eta Azkoitiko Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoaren 2015eko jardueraren txostena plazaratu du Iraurgi Berritzenek. 2014koarekin alderatuta, datuak "oso antzekoak" direla nabarmendu dute txostenean, bai kopuruei dagokienez, bai kontsumitzaileen kontsultak era erreklamazioak eragin dituzten zerbitzuei dagokienez.

Guztira 482 kontsulta eta 204 erreklamazio bideratu zituen 2015ean bi herrietan zerbitzua ematen duen KIUBek; datu horiek Azpeitikoen eta Azkoitikoen batura dira, ez dute herrikako bereizketarik egin. Aurreko urtearekin alderatuta, bost kontsulta gutxiago eta bi erreklamazio gehiago jaso dituzte, hain zuzen. Eta kontsultetan, baina bereziki erreklamazioetan, telefono konpainiekin lotutakoak izan ziren nagusi 2015ean, azken urteetako joerari eutsiz: 122 erreklamazio eta 111 kontsulta. Erreklamazioetan tarte handiarekin, baina kontsultetan ez horrenbeste, gas edota argindar zerbitzuak kokatu ziren: kontsumitzaileen 95 kontsulta eta 50 erreklamazio bideratu zituen 2015ean KIUBek. Erreklamazio eta kontsulta guztien %84 izan ziren telefono, gas eta argindar konpainien zerbitzuek eragindakoak.

Aipatutako bi multzo nagusi horien atzetik datoz zerrendan merkataritzak eragindako kontsultak. Arlo hori izan da, txostenean jaso dutenez, 2014tik 2015era kopuruetan gehien hazi dena. Merkataritza arloarekin zerikusia duten 83 kontsulta egin zituzten kontsumitzaileek 2015ean, eta 66 2014an. "Jaso diren kontsulta eta erreklamazio ia guztiak Internetez egindako erosketekin eta etxez etxe egindakoekin erlazionatuta daude", argitu dute arduradunek.