Ioritz Igarataundi eta Aiora Etxeberria (Sakona): "Baserritik bizitzeko dibertsifikatu egin behar da"

Urola Kostako Hitza 2016ko ots. 12a, 12:00
(Julene Frantzesena)

Hiru urte inguru dira Sakona etxalde ekologikoa martxan jarri zutela. Orduz geroztik, denbora eta gogoa eskaini dizkiote proiektuari, eta hasi dira lehen fruituak jasotzen.

Etxaldea osatzeko lanean jarraitzeko ilusio faltarik ez dute Ioritz Igarataundik (Azpeitia, 1989) eta Aiora Etxeberriak (Aizarnabazal, 1991).

Zer dela-eta sortu duzue Sakona etxalde ekologikoa?

Ioritz Igarataundi: Duela hiru urte hasi nintzen proiektuarekin. Kimu Baten egiten nuen lan, baina beti esaten nuen baserri munduan aritu nahi nuela. Ikusi nuen arriskatzeko garaia zela; orduan edo inoiz ez nuela egingo. Etxean lurrak genituen, eta zerotik hasi gara, baina lurrekin; aldea da hori.

Aiora Etxeberria: Ni iazko maiatzean murgildu nintzen proiektuan, eta gustura nago.

Nolakoak izan ziren hastapenak?

I.I.: Gaztenek Nekazari Gazteentzako Planera jo nuen aurrena, eta bost urterako onartu zidaten proiektua. Horri esker, inbertsioetarako laguntza eskuratuko dut bost urtez. Baserritik bizi daiteke, baina inbertsioak egin behar dira, eta horretarako adina ez du ematen; hasieran ez, behintzat. Gainera,  proiektuarekin hasi eta lehen bi urteak bakarrik igaro nituen, eta gogorrak izan ziren. Hasierako proiektuan  abereekin lan egitea eta landareentzako mintegia osatzea aurreikusi nuen, baina konturatzerako baratzeak hartu du indarra. Hala eta guztiz, lan gehien obrek eman didate; zerbait egin, eta oraindik dena egiteko zegoen. Egin zerbait, dirua gastatu eta ezer saldu ez! Lehen urte eta erdia gogorra izan zen. Lagunen eta familiakoen laguntza ikaragarria izan da, eta eskerrak.

Zerekin osatu duzue etxaldea?

I.I.: Lehenengo ukuilua egin nuen, gero ardiekin hasi nintzen, ondoren baratzearekin, eta berotegiak ere egin ditugu… Denborarekin, aldatuz  joan da proiektua. Izan ere, baserritik bizitzeko dibertsifikatu egin behar da. Erleekin ere hasi nintzen, baina Asiako liztorrarekin arazoak izan genituen… Batzuk baditugu oraindik eta, batez ere, otarreetarako egiten dugu eztia. Gazta ere egiten dugu eta ardi esnea saldu ere bai.

Elkarrizketa osoa, Urola Kostako Hitza-ren webgunean