Harrera egin die Udalak Iker Aizpuru eta Lander Uria igerilariei

Uztarria.eus 2016ko ots. 6a, 14:23

Joan den asteburuan Igeriketa Egokituko Gazteen Espainiako Txapelketan lan bikaina egin ondoren, Iker Aizpururi eta Lander Uriari harrera egin die gaur, zapatua, Azpeitiko Udalak.

Harrera ekitaldian izan dira Aizpuru eta Uriaren senideak, entrenatzaileak, Izarraitz Igeri Elkarteko kideak eta lagunak. Estitxu Elduaien zinegotziak eman dizkie oroigarri eta opariak bi igerilari azpeitiarrei eta egindako lanagatik zoriondu ditu. Ondoren, Iker Aizpuruk eta Lander Uriak hartu dute hitza eta eskerrak eman dizkiete senideei eta entrenatzaileei, baita Udalari ere, "bi urtez jarraian horrelako harrera egiteagatik". Behin oroigarri eta sariak jasota, udaletxeko balkoira atera dira bi igerilariak eta plazan zeuden herritarren txalo zaparrada jaso dute. 

Iker Aizpuruk igeriketa egokituko alebin mailan urrezko domina lortu zuen joan den astean jokatutako Igeriketa Egokituko Gazteen Espainiako Txapelketan. Lander Uriak egindako lana ere garrantzitsua izan zen Euskadik hirugarren postua lortzeko taldeko sailkapen orokorrean.