Karnabalak 2016

Karnabalak kamera atzetik

Uztarria.eus 2016ko ots. 5a, 12:45
Karnabalak kamera atzetik bizitzen dituzten argazki elkarteko kide batzuk.

Azpeitiko Argazki Elkarteko kideek azken urteetan karnabaletan ateratako argazkiak ikusgai daude Sanagustin kulturgunean. Horren harira, Uztarria.eus-ek argazki elkarteko hainbat kiderekin hitz egin du, festa egun horietan bizitako esperientziak eta anekdotak hizpide.

Ondo gogoan du Alberto Belokik, Azpeitiko Argazki Elkarteko kideak, iaz gertatutakoa: "Banindoan plazan behera zezenaren atzetik eta halako batean zezenak buelta eman ez zuen ba! Orduan nik ere buelta hartu nuen,  baina beste gizon baten kontra jo eta lurrera erori nintzen, kamera eta guzti. Eskerrak zezenak aterkiarekin hartu zuen nirekin beharrean, bestela…". Horren harira, Juan Mari Ibarzabal, argazki elkarteko kideak, dio orain ulertzen duela zergatik eramaten duen aterkia eskutan Belokik.

Bada karnabalak kameraren atzetik ikusten dituenik. Azpeitiko Argazki Elkartekoen kasua da hori. Afizioa eta festa uztartu eta gozatu egiten dute, irudi onenaren bila. Horietako asko, karnabaletako sokamuturrekoak eta jai giroko argazkiak, ikusgai daude egun hauetan Sanagustin kulturgunean.

Baina halako irudiak ateratzeko arriskatu egin behar batzuetan. "Noiz edo noiz harrapatu izan du zezenak elkarteko kideren bat" azaldu dute argazki elkartekoek. "Batzuetan ez gara ohartzen zenbaterainoko arriskua duen zezenaren aurrean argazkiak ateratzeak", diote.  Zezena parez pare izateak argazki ederrak ateratzea ahalbidetzen dietela diote, baina "batzuetan gertatu izan da argazki saritua balkoi batetik ateratakoa izatea. Marka da gero!", azaldu dute.

Mielitoren anekdotak

"Mielito Iriarte, argazkilaria baino, toreroa gehiago zen", dio Juan Mari Ibarzabalek barrezka. Eta hala gogoratzen du: "Beti izen zen arriskatzen zen horietakoa, zezenaren ondoan beti. Bigarren saria, laugarrena, bosgarrena, bigarrena berriz… Baina lehen saria ez zuen sekula lortzen. Behin, baina, argazki artistikoa ateratzea otu zitzaion eta halaxe egin zuen. Joxelito zegoen lekuan jarri zen eta handik ateratako argazkiarekin lortu zuen lehen saria".

Argazki elkartekoen artean irudi onenaren bila liskarrik egon ote den galdetuta, ezetz diote. "Argazki hori nirea zen!", eta halakorik ez omen diote esaten elkarri. Baina Mielitoren anekdotak errepasatzen, beste batekin gogoratu dira elkartekoek."Behin zinegotzi bati eman zion kamera Mielitok, udaletxe azpiko arkupeetan. Argi azaldu zion egin beharrekoa: argazkia atera behar ziola berari, kapotea hartu eta zezenari larga y cambiada bat egingo ziola eta. Esan eta egin. Gerturatzen hasi zen zezena eta Mielito belauniko jarri zen. Egin zion pasea, eta bat-batean klik!. Beste argazkilari batek atera zion argazkia, kiosko paretik".

Parte hartzea

Iaz 21 pertsonak hartu zuten parte karnabaletako argazki lehiaketan. Gehienak argazki elkartekoak izan ziren  baina "kanpotik etorritakoak" ere bazirela azaldu dute: "Zumaiatik eta Nafarroako hainbat herrietatik hurbildutakoak". Hala ere, argazkiak ateratzen jende asko aritzen dela diote, nahiz eta gero ez diren lehiaketara aurkezten.

"Emakumeek ere hartzen dute parte eta sariak ere irabazi izan dituzte. Orain dela pare bat urte Alaitz Lizarraldek irabazi zuen sarietako bat, esaterako", azaldu du Alberto Belokik. Gazteen kasuan, "egun horietan argazkiak ateratzen ibiltzea ez da erraza" diote Azpeitiko Argazki Elkartekoek.

Lehen saria irabazten duenak gainerako partehartzaileei afaria ordaintzen die, hala dute adostuta elkartekoek eta argi dute: "Etorri eta irabazten duenak badaki zer duen, denoi afaria ordaindu behar". Barrezka diote "onena ez irabaztea!". Gainera, azaldu dute, azken urteetan parte hartzen ez dutenak ere animatzen direla afaltzera, egoten den giroagatik eta.

Ikuspuntu ezberdina

"Batzuk arkupeetan, beste batzuk barrera atzean… baina orokorrean bakoitzak bere lekua izaten du argazkiak ateratzeko", diote elkartekoek. Hala ere, "seguru inon ez!" dio barrezka Iñaki Aranburuk. Urtero leku berdintsuan jartzen omen dira, ohituraz.

Eguraldiaren inguruan galdetu, eta elkarteko kideen artean bada esaten duenik "euriarekin, parrandan bezala edo sokamuturrean bezala. Askoz ere aldrebesago gelditzen dela argazkiak ateratzea". Baina, bestalde, "emaitza hobeagoak" lortu daitezkeela diote, "euriaren islarekin jolastuta-eta".

Eta zein da karnabaletako egun onena argazkiak ateratzeko Azpeitiko Argazki Elkartekoentzat? "Argazki onena noiz aterako duzun ezin da sekula jakin" dio Juan Mari Ibarzabalek. "Zezena ez da argazkirako preparatzen, ezta pasea ematen duena ere. Eta batzuetan gertatzen da argazki onena lortzear zaudela, bat-batean norbait pasatzea erditik, eta akabo", azaldu du. Bestalde, argazki onena zein den jakitea ere zaila dela dio Igor Froilanek, "hori oso erlatiboa" baita. Hala ere, oro har diote Elegante Eguna "mundiala" dela eta  herritarrak dotore jantzita ibiltzeak "beste zerbait" ematen diola. Izaskun Ceciagaren aburuz, ordea, "postureoa" ere egoten da Txikiteo Elegante eguerdian.

Aurtengo karnabalei begira, eguraldiak kezkatzen dituela azaldu dute. Baina, hala ere, "gogotsu" daudela. Karnabalak bereziak al diren galdetu eta argi diote: "Dudarik ez!"