Azpeitia-Beizama autobus linearen geltokiei irtenbidea emateko batzordea osatuko dute Udalak eta Aldundiak

Uztarria.eus 2016ko ots. 4a, 19:49

Erabiltzaileek eskatzen dituzten geltokiak egiteko aukera eta, batik bat, errepidearen egoera bera aztertzea izango dira batzordearen zereginak. Gaur batzartu dira udal arduradunak eta Diputazioko Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa departamentukoak. Bilerara "harrituta joan" direla nabarmendu dute udal ordezkariek, atzo "prentsaren bidez" jakin zutelako Aldundiaren eskaeraren berri. Azpeitia-Donostia lineako aldaketak ere mahai gainean izan dituzte gaurko saioan.

Azpeitiko Udaleko arduradunek eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa departamentukoek bilera egin dute gaur Donostian eta, besteak beste, Azpeitia eta Beizama lotzen dituen autobus lineako geltokien arazoari irtenbidea emateko batzordea osatzea adostu dute bi erakundeek. "Gaiaren zailtasuna medio" hartu dute batzordea eratzeko erabakia, Udalak adierazi duenez, "Azpeitia eta Beizama arteko errepideak autobusen geltokiak segurtasun osoz egiteko muga asko baititu". Horrela, erabiltzaileek eskatzen dituzten geltokiak egiteko aukera eta, batik bat, errepidearen egoera bera aztertzea izango dira batzordearen zereginak. Bi aldeetako teknikoek proiektu eta proposamen zehatza lantzen dutenean, berriro erabiltzaileekin elkartuko dira, Aldundiko Errepideetako departamentuari behin betiko proiektua bidali aurretik. "Departamentu horrek izango du azken hitza", Udalak azaldu duenez.

Udala, "harrituta"

Atzo, Diputazioak oharra plazaratu zuen, Azpeitiko Udalari Beizama eta Azpeitia arteko autobusentzat geltoki berriak egiteko eskatu ziola jakinaraziz. Hori dela eta, gaurko bilerara "harrituta joan" direla nabarmendu dute udal ordezkariek, eskaera horren berri "prentsaren bidez" jakin dutelako. Azaldu dute ikasturte honen hasieran, "eta eskola garraioan izandako hainbat aldaketa medio, Azpeitia eta Beizama arteko autobus zerbitzu publikoaren erabiltzaileen kexak ugaritu egin" zirela ikusita, urrian bilera egin zutela erabiltzaileekin. "Erabiltzaileen kexa nagusiak, hainbat ordutegiren gorabeheraz gain, autobusek egiten zituzten geldialdien ingurukoak ziren. Izan ere, ordura arte eskola haurrak jasotzen zituzten hainbat puntutan ez da gelditzen zerbitzu publikoko autobusa. Kexak jasota, Udalak Aldundiari helarazi zizkion, horren berri izan eta neurriak har zitzan".

Hain justu, atzo beste bilera bat egin zuen Udalak, "zerbitzuaren inguruko balorazio berria" egiteko, eta kexu dira, bilera hasi baino ordu gutxi lehenago eta prentsaren bidez jakin zutelako Aldundiaren erantzuna. "Guk prentsaren bidez jaso genuen egindako eskari baten erantzunaren berri. Presaka, bilera egin baino ordu batzuk lehenago. Baina ofizialki, oraindik ez dugu ezer jaso", zehaztu du gaur berriro Aitor Bereziartua zinegotziak.

Bi geltoki berri, laster

Autobus zerbitzuei eta geltokiei lotuta, bi geltoki berri egitear da Udala. Bat, Azpeitiko Ikastola Ikasberri ondoko biribilgunean jarriko duten etxola da; lanak karnabalen ondoren hasiko dituztela esan dute. Bestea, berriz, atzo Aitor Bereziartuak aurreratutako Nuarbekoa, Azpeitia eta Beizama arteko lineako aurreneko geltoki berria izango dena.

Azkoitia-Donostia linea ere hizpide

Aldundiarekin gaur egin duten bileran Azkoitia-Donostia autobus linearako datozen aldaketak -etzi, otsailak 6, hasiko dira- eta horien gaineko kexak ere hizpide izan dituzte. Linea horretako Donostiako geltokiek eragin dituzte, batik bat, erabiltzaileen zein Udalaren kexak. Aldundiari "mahai gainean alternatiba ezberdinak jarri" dizkiotela eta haiek "aztertzekotan geratu" direla aurreratu du Udalak, eta datozen egunetan "xehetasun gehiago" emango dituztela esan dute.