Ikasleak usadio zaharrari jarraituz

Uztarria.eus 2016ko ots. 4a, 14:05

Gaur, Santa Ageda bezpera, koloretako zapiak lepoan eta makilak eskutan, koplak abesten aritu dira herriko ikastetxeetako ikasleak, usadio zaharrari jarraituz.

Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko ikasleak 11:15ean izan dute zita eta ikastetxeko patioan aritu dira makilak eskutan, klopak abesten. Urola Ikastolako ikasleak, berriz, goiz partean herriko hainbat txokotan ibili dira Santa eskean. 

Iraurgi Ikastetxeko lehen hezkuntzako ikasleak 12:00ak pasatxo elkartu dira Betharrameko jolastokian. Hauek ere ohitura zaharrari jarraituz, makilak eskutan, hainbat kopla abestu dituzte. 

Azpeitiko Ikastola Ikasberriko ikasleak, berriz, arratsaldean irten dira Santa eskean. DBH4ko ikasleak ikastola inguruan ibili dira, 15:00etan hasita. Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleak, berriz, patioan elkartu dira 16:30ean. Behin arratsaldea pasatuta, gau partean jarraituko dute kantuan Ikasberrikoek. 19:00etan Sanagustin kulturgunearen aurrean elkartuko dira eta herriko kaleetan ibiliko dira koplak abesten, bertsolari eta trikitilariekin batera.