Beizama-Azpeitia autobus linean geltoki gehiago jartzeko eskatu dio Aldundiak Udalari

Uztarria.eus 2016ko ots. 3a, 19:08

"Urrestillako bizilagun askok egindako eskaerari erantzuteko asmoz" luzatu du eskaera Diputazioak. Udalak eskaera horiek bere garaian Mugikortasuneko foru departamendura bidali zituela dio, eta gaur arte ez dutela erantzunik jaso.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eskaera egin dio Azpeitiko Udalari, Beizama eta Azpeitia lotzen dituen UK04 autobus linearen ibilbidean geltoki berriak egin ditzan. Mugikortasun sailak zabaldutako oharrean, eskaera "Urrestillako bizilagun askok egindako eskaerari erantzuteko asmoz" egin duela argitu dute.

"Mugikortasun departamentuak eskaera asko jaso ditu Beizama eta Azpeitia batzen dituen linean geraleku gehiago jartzeko. Zehazki, Nuarbe eta Urrestilla arteko zatian. Alabaina, errepidean ez dago leku egokirik horretarako. UK04 linea horretan, sei geraleku egiten dira norako bakoitzean (Santa Ageda eta Santutxorainoko luzapenak sartu gabe), baina Urrestillako auzoen ustez ez da nahikoa, geralekura joateko espaloirik gabeko errepide batean barrena joan behar baitute, horrek duen arriskuarekin", azaldu du Diputazioak.

Urrestillako eskaera horiek, hein handi batean, eskola garraioan izandako aldaketekin dute zerikusia. Sare kontzertatuko Azpeitiko bi ikastetxeek, Azpeitiko Ikastola Ikasberrik eta Iraurgi Ikastetxeak, orain arte euren ikasleei eskaintzen zizkieten garraio zerbitzuak kendu egin dituzte, eta horren ordez Lurraldebusen zerbitzu publikoa erabiltzen hasi dira. Urrestillako kasuan, bi ikastetxe horietako ikasleek Beizama-Azpeitia lineako autobusak erabiltzen dituzte eta, garraio publikoa erabiltzen hasi ziren momentutik, kexak ugaritu egin dira gurasoen artean, ordutegietan eta geltokietan eragindako aldaketengatik. Besteak beste, Nuarbe eta Urrestilla arteko errepidetik gertu bizi diren hainbat ikasle jasotzeko errepide bazterrean gelditzen ziren lehen ikastetxeetako autobusak, baina Lurraldebusekoak izendatutako geltokietan besterik ezin dira gelditu; kasu honetan, Urrestillako herrigunean bakarrik.

Hortik dator, hain zuzen ere, Diputazioak Udalari geltoki berriak jartzeko egin dion eskaera. "Gipuzkoako Foru Aldundia da Lurraldebusen lineetan geraleku berriak ezartzeko eskumenduna, baina erabaki hori dagokion udalarekin adostuta hartzen du. Izan ere, azken horrek du geraleku puntuak egokiak izateko eta haien artapenaren ardura", zehaztu du Foru Aldundiak.

"Lehen notizia"

Foru Aldundiaren eskaeraz galdetuta, Azpeitiko Udalak Urrestillako bizilagunen kexak jaso eta Diputaziora bidali zituela adierazi du Aitor Bereziartua zinegotziak, baina Aldundiarekin ezer adosteko modurik ez dutela izan, erantzunik ez dutelako jaso. "Urrian erabiltzaileekin egin genuen bileran jaso genituen eskaera guztiak bidali genituen Diputaziora, baina gaur arte ez dugu erantzun ofizialik jaso. Gaurko oharra da izan dugun lehen notizia", azaldu du. Bereziartuak esan du Nuarben geltokia jartzea aurreikusita duela Udalak, "proiektua onartuta dago eta aurten gara egitekoak", baina Aldundiak Nuarbe eta Urrestilla arterako eskatzen dituen geltoki berriak ez.

Gaur bertarako deitua du Udalak eskola garraioaz eta bereziki Beizama-Azpeitia lineaz hitz egiteko bilera. Bihar, berriz, Foru Aldundiarekin bilera egitekoa da Azpeitiko Udala, Azkoitia-Donostia autobus zerbitzuaren geltoki aldaketez hitz egiteko.