Eneko Etxeberria: "Azpeitiarren osasuna gipuzkoarren poltsikoaren aurretik dago"

Uztarria.eus 2016ko ots. 3a, 15:23
Gaur, asteazkena, udal ordezkariek egin duten agerraldia

Lapatxeko zabortegia ixtearen eta ez handitzearen gaineko azken hitza azpeitiarrek izango dutela esan du alkateak. Bestalde, osasunaren eta ekonomiaren interesen arteko talkan, Udalak azpeitiarren osasuna aurretik jartzen duela adierazi du. 

Atzo, asteartea, jakinarazi zuen Udalak herri galdeketa egingo duela Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) Lapatxen gaineko erabakiaren kontra egiten badu. Horren harira agerraldia egin dute gaur, asteazkena, udal gobernuko zortzi kidek. Atzo hartutako erabakia berretsi dute eta Eneko Etxeberria alkateak adierazi du "Lapatxeko zabortegia ixtearen eta ez handitzearen gaineko azken hitza" azpeitiarrek izango dutela. 

Etxeberriak azaldu du, azpeitiarrak 27 urtez "elkartasunez gipuzkoarren zaborrak jasotzen" aritu direla eta "arrazoi ezberdinak medio" Lapatxen bizitzan luzatzen joan dela. Horren harira esan du "errealitatea gordina" dela, Lapatx baita Gipuzkoako zabortegi bakarra. 

"Gipuzkoan zabalik mantentzen den zabortegi bakarra Lapatx izanda, insolidarioak garela esaten duenik bada oraindik, ez dugula elkartasunik erakusten" esan du alkateak, eta horrek "harritu" egiten duela. Izan ere, Azpeitira "zabor turismoa" egiten dela azpimarratu du, Lapatx Gipuzkoako zabortegi bakarra izatearen ondorioz.  

Lapatxen gainetik beste alternatiba batzuk badaudela esan du Etxeberriak eta horrek "lasaitu" egiten dituela. Ondorioz, GHK-k Lapatx handitzearen eskaerari ezezkoa eman ziotela gogorarazi du.

"Bi interesen arteko talka" dagoela adierazi du alkateak: "Batzuk nahi dutena da gipuzkoarrek zaborragatik ahalik eta gutxien ordaintzea. Guk argi dugu, ordea, azpeitiarren osasuna defendatu behar dugula. Bi eskubideen talka horretan ulertu behar da azpeitiarren osasuna gipuzkoarren poltsikoaren aurretik dagoela", esan du. 

Bestalde, adierazi du azken egunotan hainbat hedabidetan ikusitako informazioak "harrituta" utzi duela: "Lapatxera tona bat zabor ekartzea 75 euro ordaintzen da eta prest daude Kantabriara (Espainia) eramateagatik 96 euro ordaintzeko, garraio kostea aparte. Zergatik ez zaie azpeitiarrei Kantabriari emango litzaiokeen konpentsazio ekonomiko berdina ematen?", galdetu du. 

GHK-k Lapatx ez ixteko erabakia hartu eta bestelako eskaintza bat egiten badu, hori publiko egin dezala eskatu dio Etxeberriak GHKri eta azpimarratu du, erabakiak erabaki, "azken hitza" azpeitiarrek izango dutela.