Bihar hasiko dira Matxinbentako Santa Ageda festak

Uztarria.eus 2016ko ots. 3a, 12:00

Igandera arte egongo da zertaz gozatu Matxinbentan. Pailazoen emanaldia, bertso afaria eta herri kirolak izango dira, besteak beste. 

Bihar, otsailak 4, hasiko dira festak Matxinbentan eta igandera arte egongo da zertaz gozatu. Izan ere, lau egunetarako egitaraua prestatu dute. Bihar, Santa Ageda bezpera izanik, goizean auzotarrak eskera aterako dira Juan Jose Eizmendi Loidisaletxe eta Agin Laburu bertsolariekin batera. Iluntzean itzuliko dira Matxinbentara eta orduan hasiko dira auzoko festak.

Ostiralean, Santa Ageda eguna, 11:00etan meza izango da, Azpeitiko jubilatuen abesbatzaren doinuek lagunduta. Behin meza bukatuta, jubilatuentzako hamaiketakoa egongo da. Gauerako, berrz, mus txapelketa antolatu dute. 22:00etan hasiko da txapelketa, Beheko tabernan.

Zapatuan, otsailak 6, arratsalde osoan zehar umeentzako puzgarriak egongo dira eta 17:00etan pailazoen ekitaldia. Jarraian txokolatada egingo dute, bertaratzen diren guztientzat. Gauean jarraituko dute fesarekin, izan ere, bertso afaria izango da Iker Zubeldia eta Iban Urdangarinekin. Ondoren, gainera, erromeria egingo dute Lidia eta Unai trikitilariekin. 

Festak amaitzeko, iganderako egun osoko egitaraua prestatu dute. Goizean, goiz eresia izango da txistulariekin eta 11:00etan meza. Ondoren, itxulapiko puskatzea. 11:45ean pilota txapelketa azkarra jokatuko dute, Azpeitiko Ilunpe elkarteko pilotariekin. 12:30ean herri kirolen txanda izango da: Otaño eta Larrañaga aizkolariak egurra mozten arituko dira eta harri jasotzen Mendibil eta Guzta. Behin herri kirolak bukatuta, Matxinbentako otarrearen zozketa egingo dute eta Itzeder eta Txibilter trikitilariek alaituko dute giroa.