GHK-k Lapatxen gaineko erabakiaren kontra egiten badu, herri galdeketa egingo du Udalak

Uztarria.eus 2016ko ots. 2a, 21:31

Otsaileko ohiko udalbatzarrean aho batez hartu dute erabakia EH Bilduren eta EAJren ordezkariek. Azken egunetako erabakien ildotik, gaia urgentziaz lantzea erabaki eta sartu dute azken orduan batzarraren gai-zerrendan.

Lapatxeko zabortegia ixtearen eta ez handitzearen gaineko azken hitza azpeitiarrek izango dute, baldin eta Urola Erdiko Mankomunitateak atzo, astelehena, hartutako erabakia bertan behera uzteko saiakeraren bat badago. Hala erabaki dute gaur, asteartea, aho batez, EH Bilduren eta EAJren ordezkariek, Udalaren otsaileko ohiko bilkuran.

Lapatxen gaineko konturik ez zegoen gaurko udalbatzarraren gai-zerrendan baina, azken egunetako erabakien ildotik, gaia urgentziaz lantzea erabaki eta sartu dute azken orduan, Udalean ordezkaritza duten bi taldeek hala adostuta.

Eneko Etxeberria alkateak gogoratu duen bezala, aurreko legealdietan "Udalak hainbat mozio onartu ditu Lapatx ixteko eskatuz, aho batez onartutako mozioak, baina Lapatxek irekita jarraitu du". Orain, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) egindako eskaerari erantzunez Urola Erdiko Mankomunitateak hartutako erabakiarekin, Azpeitiko zabortegiaren itxiera gertu ikusten da. Gipuzkoa osoko zaborrak hartzen jarraitzea erabaki du Mankomunitateak, Lapatx guztiz bete arte -bizpahiru hilabeteko epean gertatuko litzateke hori-, GHK-k eskatutakoari men eginez; baina ezezkoa eman dio zabortegia handitzeko aukerari, GHK-k eskatutakoari uko eginez.

Beldurrak eta zalantzak

Alkateak, ordea, GHK-k Mankomunitateak hartutako erabakiaren kontra egin dezakeela uste du, horren gaineko "beldurrak eta zalantzak" dituztela adierazi du. Etzi, osteguna, ez ohiko batzarra egingo du kontsortzioak, eta gai-zerrendan bi puntu landuko dituzte: bat, Gipuzkoako zaborrak Kantabriara eraman ahal izateko akordioaren bueltakoa izango da; eta bestea, berriz, pertsona edo izaera juridikodun erakundeak epaitegietara eramateko GHK-ren lehendakariari ahalmena ematea. Bigarren puntu horrek piztu ditu Udalaren "susmoak", GHK-k Mankomunitateak hartutako erabakiaren kontra jo dezakeela uste baitute.

Hori horrela bada, GHK-k Lapatx ixtea eta ez handitzearen kontrako erabakiren bat hartzen badu, Azpeitian herri galdeketa egitea adostu dute udalean. Hartutako erabakiak atzera bueltatzeko aukera badator", Lapatx ixtea nahi al duzu, bai ala ez?galderarekin antolatuko du Azpeitiko Udalak.