Ostiralean zabalduko da Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian izena emateko epea

Uztarria.eus 2016ko ots. 2a, 16:08
Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiko antolatzaile eta babesleak

Apirilaren 16an izango da 2016ko Azpeitia-Azkoitia maratoi erdia. Aurten gainera, 7,5 kilometroko lasterketaz gain, roller lasterketa ere izango da. "Kirol proba bat izatetik harago", lasterketa eguna festa bat izatea ere nahi dutela azaldu dute antolatzaileek. Horretarako, kirola, kultura eta festa uztartuko dituztela jakinarazi dute. 

Gaur, asteartea, aurkeztu dute Diego Garciaren Oroimenezko XXIII. Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdia. Aurten apirilaren 16an, zapatua, izango da lasterketa eta ostiralean, otsailak 5, irekiko dute izen ematea,  www.azkoitia-azpeitia.com webgunean. Federatuek 19 euro ordaindu beharko dituzte eta federatu gabeek, aldiz, 22 euro. Martxotik aurrera prezioak igotzen joango direla adierazi dute antolatzaileek. 

Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaz gain, 7,5 kilometroko lasterketa laburra eta roller lasterketa ere izango dira egun berean. Azken hori 16:30ean hasiko da eta lasterketa laburra, aldiz, 16:45ean. 17:00etan emango diote hasiera maratoi erdiari Azkoitian. 

"Amets baten taupadak" leloa jarri diote aurtengo edizioari. Izan ere, Xeye Atletismo Taldeko kide Agustin Jimenez antolatzaileak azaldu duenez Diego Garciaren ametsa zena lortzea du xede lasterketak: "bi herrietan kirol afizioa zabaltzea eta bokazioa eta afizioa batzea". Bestalde, lasterketaren filosofiari eusteko "eliteak, afizionatuak eta herrikoiak egotea ezinbestekoa" dela azaldu du Agustin Jimenezek. 

Running-aren festa

Aurtengoan "kirol proba soila izatetik haratago" lasterketa eguna festa bat izatea ere nahi dutela adierazi du Agustin Jimenez antolatzaileak, running-aren festa, hain zuzen. Izan ere, esan du "ondo pasatzeko eta dibertitzeko eguna" ere izan behar duela. Horretarako, kirola, kultura eta festa uztartuko dituztela azaldu du eta egingo dituzten ekintzen berri aurrerago emango dutela.

Estitxu Elduaien zinegotziak lasterketaren antolatzaileen lana zoriondu du eta "urtero egiten duten ahalegina" azpimarratu du. Bestalde, aurten "pauso bat gehiago eman" eta kirola, kultura eta festa "uztartzearen ahalegina" nabarmendu du. 

Mikel Odriozola Gipuzkoako Atletismoko Federazioko presidenteak ere eskerrak eman dizkie antolatzaileeei "atletismoaren festa eta elkargunearen aldeko apostua egiteagatik". Aurten ehun urte betetzen ditu Gipuzkoako Atletismoko Federazioak eta bertako presidenteak esan du beti izan duela "garrantzia handia" atletismoan Azpeitia eta Azkoitiako zonaldeak. 

Horrez gain, Agustin Jimenezek eskerrak eman dizkie hiru lasterketak antolatzen ari diren guztiei, tartean Ttipi-ttapa korrika elkarteko kideei eta Urolako Trena Irristaka patinatzaile taldeari. Baita Xeye Atletismo Taldeari ere. 

Data aldaketa

Aurreko urteetan, martxoko hirugarren astearen bueltan izan da Azpeitia-Azkoitia maratoi erdia, baina aurtengoan dataz aldatzea erabaki dute antolatzaileek. Agustin Jimenezek jakinarazi duenez horren arrazoia  da martxoaren bukaeran "Aste Santuak direla aparte", martxoko lehen hiru asteetan lasterketa herrikoi ezberdinak daudela inguruko hainbat herrietan. Beraz, esan du "denbora tarte txikia" izango luketela korrikalariek lasterketa prestatzeko. Horregatik eta "korrikalariek parte hartzea helburu delako" apirilaren 16an izatea erabaki dute antolatzaileek.