Garaipena eta porrota xakeko Gipuzkoako taldekako ligan

Uztarria.eus 2016ko ots. 1a, 12:02

Xaputarrak A taldeak 1-3 irabazi zion Arrasate-Arluitzi, baina Anaitasuna Kakute Bk menpean hartu zuen Xaputarrak B taldea, 0-4.

Gipuzkoako taldekako txapelketaren jardunaldia izan zuten zapatuan Xaputarrak xake klubeko taldeek, eta emaitza kontrajarriak lortu zituzten azpeitiarrek.

Arrasaten, Xaputarrak A nagusi izan zen Arrasate-Arluitz taldearen kontrako lehian. Aitor Priyak eta Patxi Isasmendik berdindu eta Alberto Urkiak eta Eneko Alberdik beren partidak irabazita, 1 eta 3ko aldeko emaitzarekin itzuli ziren Azpeitira.

Xaputarrak B taldeak, aldiz, galdu egin zuen Azkoitiko Anaitasuna Kakute B taldearekin izandako norgehiagoka; partida guztiak azkoitiarren aldeko emaitzarekin bukatu ziren eta, horrela, 0-4 izan zen azken emaitza. Gorka Uranga, Aner Alonso, Luis Andoni Lazkano eta Unax Gaztañaga gazteak izan ziren azpeitiar ordezkariak.

Emaitza horien ostean, Xaputarrak A taldeak sailkapenaren lehen postuari eusten dio eta bigarren faserako txartela eskuratu du. Xaputarrak B, berriz, seigarren tokian dago.

Datorren jardunaldian, zapatuan, Xaputarrak A-k etxean jokatuko du, Sindikatu Zaharrean, Elgoibarko Mekatar Zubi Ondoren kontra, 16:00etan hasita. Xaputarrak B-koak Legazpira joango dira, ordu beretik aurrera hango Santikutz C taldearen aurka indarrak neurtzeko.