Baserri-gunea jarriko dute martxan Soreasuko Elkargunean

Uztarria.eus 2016ko ots. 1a, 14:39

Bihar, asteartea, zabalduko dute Elkarguneko baserri-gunea. Bertan, kontsumo taldeek Sakonak ekoiztutako baserriko produktuak zuzenean jaso ahal izango dituzte. Bestalde, eskualdeko baserritar ekoizleen eta lehen sektorearen inguruko informazioa eskainiko dute. 

Baserri-gunea jarriko dute martxan Soreasuko Elkargunean, bihar, asteartea, hasita. Bertan, kontsumo taldeek Sakonak Komuntzo etxalde ekologikoan ekoiztutako baserriko produktuak zuzenean jaso ahal izango dituzte. Horrez gain, eskualdeko baserritar ekoizleen eta lehen sektorearen inguruko informazioa eskainiko dute Elkarguneko txoko berrian. 

Baserriko barazki ekologikoez osatutako saskiei dagokionez, Sakonako baserritarrak asteartero izango dira Elkargunean kontsumo taldeei otarreak banatzen, 19:00tatik 19:30era bitartean. Elkar-ekineko kideek azaldu dutenez "produktuak jaso nahi dituzten herritarrek urtebeteko konpromisoa hartu beharko dute kontsumitzaile moduan parte hartzeko". Hala ere, kasu jakinetan "eskaera eteteko aukera" izango dela jakinarazi dute, kontsumitzaileek aurrez baserritarrari abisatuz gero. Esaterako, opor garaian.

Saski arrunta garaiko zortzi edo hamar barazkik osatuko dute eta 13 euro kostatuko da. Saski handia, aldiz,  20 euro. Kontsumo taldean parte hartzeko edota ekimenaren inguruko informazio gehiago jasotzeko, baserri gunera gerturatu edo 618 225 277 telefono zenbakira deitu behar da.

Bestalde, eskualdeko baserritar ekoizleen eta, oro har, lehen sektorearen inguruko informazioa eskuratu ahal izango da baserri-gunean. Elkar-ekineko kideak arduratuko dira informazioa eskaintzeaz. Hala ere, bertako kideen hitzetan "edozein baserritar, ekoizle nahiz herritar gonbidatuta dago interesgarria deritzon lehen sektorearen inguruko informazioa herritarrei ezagutzera ematera".

Elkar-ekineko kideek azaldu dutenez, baserri-gunearen proiektuarekin "urrats txiki bat gehiago" eman nahi izan dute helburu hauek lortzeko: "eskualdeko lehen sektorea bultzatzea, elikadura burujabetza, merkataritza-truke justu edo bidezkoa, ekoizle eta kontsumitzaileen arteko harreman zuzena, baserriko produktuen eta, oro har, lehen sektorearen inguruko jakintza eta kultura gerturatzea herritarrei".

Baserri-gunearen egitasmoa Elkargunean jada martxan dauden beste hiru proiektuekin "ezin hobeto elkar elikatuko dela" uste dute Elkar-ekineko kideek eta herritarren aldetik "harrera ona" izango duela. Horren harira, Elkar-ekineko kideek esan dute dei egiten dietela herritarrei nahiz herriko taldeei "Elkargunean garatzeko modukoak" diren bestelako proiektu edota ideiak proposatzeko. Hala ere, azpimarratu dute, "proposamen horien helburua herritarren edota gizartearen onura" izan beharko dela. Proposamenik izatezkotan Elkar-ekineko kideekin harremanetan jartzeko bi modu daudela azaldu dute: elkar_ekin@hotmail.com helbidera idatzita edo ostegunetan, 19:00etan hasita, Elkargunean egiten duten bilerara gerturatuta.