Mikel Orbegozo, Compostelatik Marbellara

Uztarria.eus 2016ko urt. 28a, 17:10
Mikel Orbegozo, Compostelarekin jokatutako partida batean.

Azpeitiar futbolariak denboraldi amaiera arteko kontratua sinatu du eta gaur aurkeztu du Andaluziako taldeak. Espainiako Bigarren B mailako 4. multzoan jokatzen du Marbella FC-k. 

Mikel Orbegozok (Azpeitia, 1989) Marbella FC taldean jokatuko du aurrerantzean. Gaur, osteguna, aurkeztu du Andaluziako taldeak azpeitiarra; 2015-2016 denboraldi amaiera arteko kontratua sinatu du.

Iaz Getafen aritu ostean, 26 urteko aurrelariak Compostelan hasi zuen sasoia -Uztarriak urrian elkarrizketatu zuen-, baina neguko fitxaketa epean Galiziako taldea utzi eta Marbellarako bidea hartu du.

Espainiako Bigarren B mailan jokatzen jarraituko du, horrenbestez, Orbegozok, baina beste multzo batean. Hogeita bi jardunaldi jokatuta, Compostela lehen multzoko azken tokian da eta Marbella, berriz, laugarren multzoko sailkapenean zazpigarren postuan dago.