'Hezurren Egia' erakusketa zabalduko dute zapatuan

Uztarria.eus 2016ko urt. 28a, 13:35

11:30ean zabalduko dute erakusketa, Ingurugiro Etxean. Azpeitiko Antxieta arkeologia taldeak eta Azkoitiko Munibe taldeak urte luzeetan egindako aurkikuntzak izango dira ikusgai bertan. Erakusketarekin proiektuaren lehen fasea amaitutzat emango dute. 

Larunbatean, urtarrilak 30, zabalduko dute Hezurren Egia erakusketa, 11:30ean, Ingurugiro Etxean. Bertan Azpeitiko Antxieta arkeologia taldeak eta Azkoitiko Munibe taldeak urte luzeetan egindako aurkikuntzak izango dira ikusgai. 

Hiru faseetan banatu dute Hezurren Egia proiektua eta larunbatean zabalduko den erakusketarekin amaitutzat emango dute lehen fasea. Proiektuaren sustatzaileen hitzetan, lehen fasearen helburua "Urola erdialdeko historiaurrea gizarteratzea eta bailaran egindako aurkikuntzak ezagutarazi eta balioan jartzea" izan da, "herritarrei bailararen iragana ezagutaraztea".

2013an hasi ziren proiektuarekin Urola erdiko bost udalerri, Azpeitia, Azkoitia, Zestoa, Beizama eta Errezil, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Izan ere, 2013ko aurrekontu parte-hartzaileetan hala erabakita, Gipuzkoako Foru Aldundiak 30.000 euro bideratu zituen eskualdeko historia berreskuratzeko plangintza egitera.

Iaz aurkeztu zuten Hezurren Egia proiektua, Urola Erdiko alkateek, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko, Aranzadi Zientzia Elkarteko eta Antxieta Arkeologia Taldeko kideek.