Perez Arregi plazan konponketa lanak egiten ari dira

Uztarria.eus 2016ko urt. 27a, 17:23
Burdin zaharrak kendu dizkiete jada Perez Arregiko zuhaitzei. (AZPEITIKO UDALA)

Zuhaitzen oinarrietan zeuden burdinak kendu eta txikiagoak jarriko dituzte. Trafikoaren sartu-irtena bideratzeko piboteak ere berritzen ari dira. Lanak bukatu arte, Alde Zaharrera sartu nahi duten ibilgailuek Enparango zubia erabili beharko dute.

Perez Arregi plazan konponketa lan batzuk egiten ari da Udala. Batetik, "eta herritar baten eskaeratik abiatuta", plazan dauden zuhaitzen oinarrietan orain arte zeuden burdinak kendu dituzte, eta horien ordez beste era bateko babesak jarriko dituzte, "oinarria 1,20 metrora egokitu, sustraiak babestu eta herritarrei trabarik ez egiteko". Aldaketak gauzatu aurretik bizilagunekin bilera egin zuela jakinarazi du, era berean, Udalak.

Zuhaitzen babesak aldatzeko lanekin batera, trafikoaren plazarako sartu-irtena bideratzeko piboteak ere berritzen ari dira. Etxe-Zuri tabernaren ondoan dauden pibote horiek ondoratzen ari zirela jakinarazi du Udalak, eta horregatik konponketa.

Aste honen hasierarekin ekin zieten aipatutako konponketa lanei. Piboteen berritzea dela eta, Perez Arregirako ibiligailuen sarrera itxita dago horrenbestez egunotan. Lanak bukatu arte, Alde Zaharrera sartu nahi duten ibilgailuek Enparango zubia erabili beharko dute. Ibilgailuekin inguru horretan "tentuz ibiltzeko" ere eskatu du Udalak.

Galtzada-harriak, hurrena

Perez Arregi pazakoak eta Plaza Txikikoak ez dira izango Alde Zaharreko azken konponketa lanak. Perez Arregiko lanak bukatutakoan, Alde Zaharrean suelto dauden galtzada-harriak konpontzeari ekingo diola aurreratu du Udalak.