Jose Ignacio Asensio: "Egokitzapen txiki batzuekin beste urtebeteko bizitza badu Lapatxek"

Uztarria.eus 2016ko urt. 26a, 18:35

Gipuzkoako Ingurumen diputatuak Euskadi Irratian hitz egin du gaur. Diputazioaren eta GHKren proposamena Azpeitiko zabortegiaren jarduera luzatzea dela berretsi du, horretarako beharrezkoak liratekeen lanen kostua bi erakundeok beren gain hartuta. Urola Erdiko Mankomunitatea proposamen horrekin "nahiko ados" dagoela uste du Asensiok, eta "arazoak politikoak" direla.

Lapatxeko zabortegia Urola Erdiko Mankomunitatekoak ez diren herrientzat otsailaren 3an itxi ala ez erabakitzeko epea gerturatzen ari da eta gaur, asteartea, kontu hori hizpide hartuta elkarrizketatu dute Jose Ignacio Asensio Euskadi Irratiko Faktoria saioan.

Joan den astean, Asensio buru duen sailak aurreratu zuen Urola Erdiko Mankomunitateak azaroan jarritako epea luzatzeko hizketan ari zirela bi erakundeak. Gaur, Diputazioaren eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren (GHK) proposamena Azpeitiko zabortegiaren jarduera luzatzea dela berretsi du Asensiok Euskadi Irratian. "Egokitzapen txiki batzuekin beste urtebeteko bizitza badu Lapatxek", esan du. "Egokitzapen" horien bideragarritasuna babesten duen txosten teknikoa aipatu du eta lanen kostua, "200.000 euro, gutxi gorabehera", Diputazioak eta GHK-k ordainduko luketela gaineratu du.

Urola Erdiko Mankomunitateak proposamenari zer erantzun dion galdetuta, "hitz egiten" ari direla eta mankomunitatea "nahiko ados" dagoela uste duela adierazi du. Asensioren arabera, "hemen dauden arazoak arazo politikoak dira, eta mankomunitatearen barruko arazo politikoak, ez teknikoak".

Hemen, osorik, Ingurumen diputatuari Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketa.