Zapatuan izango da kaldereroen kalejira

Uztarria.eus 2016ko urt. 26a, 14:56
Kaldereroen konpartsa, iaz.

19:00etan abiatuko dira kaldereroak, Arana kaletik. Udalak herritar, talde, elkarte eta eragileei dei egin die kalejiran parte hartu dezaten. Ondoren, 23:00etan, Joxe Replay taldearen kontzertua izango da Sanagustin kulturgunean. 

Geroz eta gutxiago falta da karnabaletarako eta urtero moduan, festak iritsi baino astebete lehenago izango dira kaldereroak herrian.

Zapatuan, urtarrilaren 30ean, izango da kalejira eta 19:00etan abiatuko da kaldereroen konpartsa Arana kaletik. Hurrengo ibilbidea egingo dute: Bustinzuriko Errebala, plaza, Enparan Kalea, Erdikalea, Elizkalea, Donejakue kalea eta bukaera plazan emango diote. Trapu Zaharrak eta Kalderero martxa abestuko dituzte Alde Zaharreko hainbat txokotan, Udal Musika Bandak eta Musika Eskolako ikasleek lagunduta. Udalak herritar, talde, elkarte eta eragileei dei egin die kalejiran parte hartu dezaten.

Ondoren, Joxe Replay taldearen kontzertua izango da Sanagustin kulturgunean, 23:00etan hasita. 

Behin kaldereroak pasatuta, Karnabaletarako astebete besterik ez da geldituko. Otsailaren 7an, igandea, izango da Elegante Eguna eta astelehen eta asteartean ere ez da festarik faltako herrian.