Urola Kidetuz proiektua landu dute, Urola bailarako altzarigintzako enpresak sendotzeko

Uztarria.eus 2016ko urt. 26a, 14:26

Urola bailarako hiru garapen agentzien artean landu dute proiektua: Uggasa, Iraurgi Berritzen eta Urola Kostako Udal Elkartea. Proiektuaren helburua "bailara osoan pisu nabarmena duen egur eta altzarien sektoreko enpresen arteko lankidetza bultzatzea eta merkatu dibertsifikaziorako aukera berriak sustatzea" izan da.

Urola Kidetuz proiektua landu dute, Urola bailarako altzarigintzako enpresak sendotzeko asmoz. Hiru garapen agentzia aritu dira horretan, Uggasa, Iraurgi Berritzen eta Urola Kostako Udal Elkartea, hain zuzen. 

Urola Kidetuz proiektuko ordezkarien hitzetan, "Urola bailarak, tradizioz, eraikuntzari oso loturik egon den sektorea izan da eta bestelako faktoreen aldaketen eragina jasan du, besteak beste, familien kontsumo ohituren aldaketen eragina". Gaineratu dute, "zailtasunak zailtasun", gaur egun, egurrak lehengai moduan "balio handiagoa hartzearen ondorioz eta ingurumenaren jasangarritasunaren ikuspegitik", aukera eta bide berriak dituela etorkizunerako.

Horren haritik, Urola Kidetuz proiektuaren apustua "sekto­reko enpresak sendotzen laguntzea eta produktu eta merkatu berriak bilatzea, enpresa horien jarduera dibertsifikatzeko eta lehiakorragoak izateko" izan da.

Proiektuak hiru urteko iraupena izan du, izan ere, 2013an hasi ziren egitasmoarekin eta 2015ean amaitu zuten. Azken urte horretan eskualdeko 10 enpresekin "merkatu berriak bilatzeko eta jarduera dibertsifikatzeko" planak garatu dituztela azaldu dute. Aldi berean, "egurraren osagarri izan daitezkeen materialen inguruko azterlana" egin dute. 

Programari amaiera emateko, parte hartu duten enpresen katalogoa egin dute, "Urola bailarako sektore horretako enpresak ezagutzera emateko".