Jose Mari Bastida: "Politikan atzera begira ibili behar duzu, labankadarik jaso ez dezazun"

Uztarria.eus 2016ko urt. 25a, 14:37

Uztarria herri aldizkariaren urtarrileko zenbakia Uztarria.eus-en irakurgai dago PDF formatuan (hemen). Aldizkariaren 179. zenbaki horretan Jose Mari Bastida Azpeitiko alkate ohiari egindako elkarrizketa ekarri dugu hona.

Odon Elorzak Donostian baino bi urte gutxiago  eta Iñaki Azkunak Bilbon baino hiru gehiago. Euskal Herriko alkatetzarik luzeenetakoa izan zen Jose Mari Bastidarena Azpeitian. Hormigoizalea, presidentzialista, autoritarioa... Horiek eta gehiago leporatu izan dizkiote. "Saiatua" eta gestioan trebea dela dio berak.

Hamazortzi urtez Azpeitiko alkate. Aginte makila hartzean, pentsatu al zenuen hainbeste egingo zituzunik? 

Ezta pentsatu ere! 1979an sartu nintzen udalean, momentu oso kritikoan. Aurretik, bi urtez, alderdiko lehendakari izan nintzen baina udal kontuak albo batera utzi nahi nituen; izan ere, udaletxea mamu bat bezala zen niretzat. Ez sinestekoa da hori, udalean 24 urte egin dituen batentzat. Alkate ez izan arren, liberatuta nengoela, Nuarbeko urtegiaren inguruan protesta handiak izan ziren. Gai horren harira, plenoa bete jende zela, proiektua defendatzea egokitu zitzaidan eta esku artean datuak nituenez, borobil atera zitzaidan udalbatzarra. Imanol Eliasek dimisioa aurkeztu zuenean alkate izatea niri proposatu zidaten. 1985eko urtarrilaren 10ean hartu nuen nik alkate kargua. Jator enpresan langile estimatua nintzen eta lau urtera bueltatzeko eskatu zidaten. Baina sartzen zara hor eta gestioa gustuko izan eta, niri tokatu zitzaidan bezala, es tatutua eta kontzertu ekonomikoa onartu eta dirua mugitzeko modua izanda, mundu horrek harrapatu egin ninduen. Nik zortea izan dut andrearen eta hiru semeen babesa izan dudalako. Ulertu egin naute, bestela gogorra da alkate izatea

Lau agintaldi eta erdi egin zenituen. Une kritikoan hartu zenuen kargua (EAJ-EA banaketa). Nola gogoratzen dituzu hastapenak? 

Alderdi barruan bazen jendea esaten zuena 'hau ez da gure alkatea'. EAk ez zuen uste 1987ko hauteskundeak EAJk irabaziko zituenik; izan ere, urte erdi lehenago izan ziren hauteskundeetan mila botoren aldea atera ziguten Azpeitian. EAJren siglak behea jota zeuden eta soziologo batek aholkatu zigun hauteskunde kanpainako argazkietan nik azaldu behar nuela, eta alderdiaren siglak ahalik eta gutxien. Argazki erraldoiak jarri zituzten kalean zintzilik eta semeei hala esan nien: ‘Ez harritu nire argazkiak harrika puskatzen badituzte’. 1987an gehiengo sinplea atera genuen, eta 1991n gehiengo osoa. 

Agintaldi horietan guztietan, zein izan zen gogoangarriena? Eta gogorrena? 

Gipuzkoan aurreneko zabortegi kontrolatua Lapatx izan zen eta zabortegiko obrak adjudikatutako egunean, urte zahar gauean, kotxea erre zidaten. Hiltzeko ere mehatxatu ninduten. Bizkartzaina jarri nahi izan zidaten, baina ez nuen nahi izan. Autoa hartzerakoan behin baino gehiagotan bota nuen giltza lurrera, kotxearen azpian zeozer zegoen disimuluan begiratzeko. Zabortegiaren proiektu hura aurrera eraman ahal izateko ETA eta Komando Autonomo Antikapitalistekin hitz egin beharra izan nuen. Autonomoen-buruak esanda dakit ni hiltzeko eskatuz Azpeititik bi pertsona joan zitzaizkiola. Trankil egoteko esan zidan, halakorik ez zela gertatuko. Niretzat bermea zen hura. Orain alkate izatea gogorra izango da, baina orduan beste kontu bat zen, gogorra zen alderdi guztietatik. Hainbat gazte gure etxe atarira joaten zen protestan eta hura moztu beharra zegoela esan nien Ertzaintzari eta Udaltzaingoari. Izan ere, Azpeitian Galindoren txibato bat baino gehiago ezagutu nituen, gazteen artean infiltratuta. Mehatxuak tarteko, garairik gaiztoena bizi izan nuen. Hildako mordoa tokatu zitzaidan herrian. Alkatearen bizimodua gogorra da oso. Soldatari dagokionean, oso ondo irabazten nuen; ez dut lotsarik hori esateko. Alkate batek kristoren ardura du, urteko egun guztietan, 24 orduz. Niri goizeko lauetan askotan deitu izan zidaten.

Presio hura nola bizi izan zuten andreak eta semeek? 

Familiak ez zekien ezer ere, bestela lur jota utziko nituen guztiak. Halako zamarik ez nien eman nahi. Andreak etxean nahi zaitu, bizirik. Gainera, halakoetan, norberak baino gehiago sufritzen dute etxekoek. Orain kontatzen dizkiet orduko ibilerak. 
 
Arazo bat baino gehiago izan zenuen herriko hainbat talderekin eta sektorerekin. 
 
Liskarrak izan nituen; izan ere, alkate zarela jende baten gustukoak ez diren neurriak hartu behar dituzu. Egun berean, lau taberna itxi nituen hamabost egunerako, ordutegia ez zutelako errespetatzen eta haietako batek 12 urteko gaztetxoei alkoholdun edariak zerbitzatzen zizkielako. Gau Txori ere itxi egin behar izan nuen, segurtasun kontuengatik. Nagusi haiek bolada batean ez zidaten aurpegira begiratu ere egiten, baina orain badugu harremana. Gaztetxeari dagokionez, baimendu egin nuen Erdikalean, baina ez zuten ezer errespetatzen eta jendea kexatu egin zelako itxi egin nuen. Urolako trena kentzerakoan ere alde guztietatik jaso nuen egurra. Tren museoa gutxienez, Azpeitian geratu zedin borroka egin nuen. Bestalde, Loiolako estazioan dagoen etxe okupa horri dagokionez, Enekori [Etxeberria] esana diot hor erabakia hartu beharra duela. Udalean 24 urte eta Diputazioan beste lau pasatu ondoren, nik dudan poza da kalean lehen baino jende gehiagok agurtzen nauela.
 
Oparoaldi urteak ere harrapatu zenituen zure agintaldietan. Orain, berriz, kontrakoak etorri dira, eta gastu publikoari asko begiratzen zaio. Zure garaian dirua zegoen, eta egin egiten zen, baina dirua errazegi ez al zen mugitzen? 
 
Jendeak igoal esango du obra asko egin zela, baina gehienak kanpoko diruarekin egin ziren. Nik alde egin nuenean, 2003an, Gipuzkoan zorpetze txikiena zuen bigarren udala zen Azpeitikoa, Hondarribikoaren atzetik. Kontu Auzitegiak bi aldiz zoriondu ninduen udalean nuen gestio onagatik. Baina hori ez da alkatearen meritua bakarrik, ni beti saiatu nintzen lan-talde ona izaten. Tekniko eta gerente onak dituen alkatea luzitu egingo da, zinegotzien laguntzarekin. Orain, Azpeitiko Udalak ez du gerenterik eta Enekori esaten diot figura garrantzitsua dela, nahiz eta gero erabakiak alkateak hartu. Azpeitiko Udala une honetan herrian dagoen enpresarik handiena da eta zuzen eraman behar duzu.
 
Urte haietako udalen eta etxegileen arteko harremanez ere asko hitz egin izan da. Gainera, garai haietako zenbait ustelkeria kasu orain ari dira argia ikusten. 
 
Alkateorde nintzela, etxegile bat udaletxera etorri eta bazkaltzera gonbidatu ninduen. Hura izan zen ‘erosteko’ intsinuatu zitzaidan lehena. Etxegileekin eta enpresariekin bazkaltzeko inoiz ez dut eragozpenik izan, baina aurrez hitz egin eta erabaki beharrekoak udalean eginda. Auzarazako kasuan, esaterako, 1987ko hauteskundeetan, EAko batzuek etxegile bati agindu zioten alkatetza lortuz gero eraikinari altura gehiago ematea baimenduko zutela. Nik banuen azpijoko haren berri. Etxegile hura, kasualitatez, EAJko afiliatua zen baina hauteskundeetan EA bozkatu zuen. EAko horiek uste zuten alkatetza lortuta edozer gauza egin zitekeela eta gauzak hori baino serioagoak dira. Dirua eta interesak tarteko daudenean beti izaten da borroka.
 
Hirigintzan eta industrian egin ziren inbertsioak ikusita, badirudi ez zela krisirik aurreikusten urte haietan. Halere, industriaren dibertsifikaziorako ez zen saiakera handirik egin.
 
Saiatu bai, baina oso zaila da.  Herrien artean konpetentzia handia egon da, lurrak eskaini izan zaizkie enpresariei, euren jarduera hara eramateko. Lan Mobeli, enpresa handitzeko lanak egiten hastear zela, hainbat udalek lurrak eskaini zizkion. Bielek sekulako inbertsioa egin zuen eta Oñaz galdaragintza Landetako industrialdean birkokatu genuen. Marcial Ucinek Getafen (Espainia) bigarren fabrika zabaltzeko asmoa agertu zidanean, enpresa herrian geratu zedin lurjabeekin eta baserritarrekin negoziatu nuen eta Lasaon lortu nizkien lurrak. Cidemco Tecnalia ikerketa zentroaren alokairua Azpeitiko Udalak ordaindu zuen lehen bi urtetan eta, gero, martxa onean hasi zenean, guztiek eraman nahi izan zuten. Bestalde, Marcial Ucinek Bainonan enpresa jartzeko asmoa agertu zidanean, Azpeitian labea luzatzeko aukera adostuz gero, hiru mila milioi pezeta inbertitzeko prest zegoela esan zidan. Horretarako, ordea, museoko trenaren ibilbidea aldatu beharra zegoen, Loiolatik Lasaora. Planoak hartu eta, lotsagabe-lotsagabe, batekin eta bestearekin hitz egin nuen, presioa sartu eta lortu genuen proiektua sinatzea. Azkenean, sei mila milioi pezeta inbertitu zituzten. Erabakiak hartzen jarrera ausarta eta segurua nuen, nahiz eta beti asmatu ez. Etxebizitzei dagokienean, ehundik gora egin genituen Damason, BOEn baldintzetan, prezio oso onean. Eta 4.000 metro karratu ere lortu genituen, orain udalaren lokalak direnak. Gestioari dagokionean, gauzak oso ondo atera zitzaizkidan. 
 
Alkate izandako urte guzti haietan, harreman ugari egingo zenuen udal barruan, ezta? Eta herritarrekin?
 
24 urtean agintzen egon den pertsona batengatik guztiek ez dute ondo hitz egingo, noski. Ordutegiari dagokionean, diziplina handia nuen, 08:00etarako bulegoan egoten nintzen, aurretik brigadakoei bisita eginda. Udaletxean ere goitik behera, bulegoz bulego, guztiei egiten nien buelta. Gobernatzen zaudela herritarra, normalean, isilik egoten da, ez dizu txalo joko. Baina zabortegiaren kasuan, herriaren babesa sentitu nuen. Kotxea erre zidatenean, hainbat herritarrek dirua bildu zuten eta hiru egunera kotxe berria erosi zidaten. Gobernatzailea herritar guztiekin ondo eramatea ezinezkoa da. Orain, gehiengoarekin bai, bestela ez zara gauzak ondo egiten ari. Alderdikide batzuk aurpegiratu izan didate etsairik handiena izan dudanaren adiskidea naizela. Eta zergatik ez, ba? Hori ez da akatsa, alderantziz. Ni ez naiz betirako haserretzekoa; egia da, gauza batzuk ezin ditudala ahaztu. Politika oso krudela da; beti atzera begiratu beharra duzu, labankadarik jaso ez dezazun.
 
Denboraren eta distantziaren perspektibatik begiratuta, zure agintaldietan egindako zerekin geratu zara gustura?  
 
Obra garrantzitsuak egin ziren: anbulatorioa, Lapatx zabortegia, Nuarbeko urtegia, Ingururiro Etxea, Izarraizko lurren erosketa,  eta ur zikinak bildu eta araztegira bideratzeko bilketa-hodiak jarri ziren herrian. Hala, edateko ura tratatzeko etxea egin zen Oñatzen eta ur zikinen araztegia Lasaon. Oztopo arkitektonikoak kentzen ere aitzindariak izan ginen Gipuzkoan. Sanagustin kulturgunearen proiektua ere aurrera atera genuen. Hormigoi zalea izan naizela leporatu izan didate askotan, baina dokumentu historikoei dagokienez, 1315eko hiri-gutuna eta Azpeitiaren armarri ofiziala esku pribatuetatik geure egitea lortu nuen. Horiek guztiak izugarrizko lorpenak izan ziren niretzat.
 
Eta zer arantzarekin zaude?
 
Esklabetako komentua eta Ikasberri ikastolaren artean Integraziorako Gizarte Baliabideen Zentroa ­–eguneko zentroa, etxe tutelatuak, egoitza, haur eskola, BOEak...­– egiteko makro-proiektuaren gestio guztiak eginda eta dirua lortuta nuen. Azterketa sakona eginda genuen eta alde egiterako 500 milioi pezeta utzi nituen aurrekontuetan horretara bideratuta; Diputazioarekin negoziatuta nituen beste 250 milioi, Kutxak bloke bat egiteko konpromisoa hartu zuen eta ehun lanpostu sortuko ziren. Azpeitia da etxebizitza tutelatuak ez dituen herri bakarra Gipuzkoan. Interes kontuengatik, ordea, proiektua ez zen aurrera atera. Bestalde, ingeniaritza eskola egiteko azterketa sakona egin genuen, baina hura ere pikutara joan zen. 
 
Zer ikasi zenuen urte haietan? 
 
Jendearekin tratuan eta gestioan. Madrilera joan eta beldurrik gabe hitz egiten nuen ministroarekin. Arratoi-txakurra nintzen. Trikimailuak ikasten dituzu denboraren poderioz. Azpeitiko Udaleko gestioa eramatea niretzat ez da izan nekea, etengabeko mozkorraldia baizik. Madrilera, Diputaziora edo Eusko Jaurlaritzara joan, proiektuak onartu, dirua lortu, obrak gauzatu... Lan-martxa frenetiko hura horixe zen, etengabeko mozkorraldia. Lan-erritmo hura medio, sei hilero egiten nituen mediku-azterketak, badaezpada. Alkate izateak aberastasun handia eman zidan pertsona bezala jazteko. Era berean, garrantzitsua da oso idazkariekin harreman ona izatea. Tartean behin, dozena bat inazio eramaten nizkien, baina horrekin ez duzu inor erosten. Eta gauzak lortzeko telefonoa astindu behar da, baina aurrez aurrekoa garrantzitsua da oso.
 
Hogeita lau urte eta gero, zerk bultzatu zintuen alkategai ez aurkeztera? 
 
Publikoki, herri mailan ez nengoen gastatuta eta politikoki ez nengoen erreta. 1999an, alderdi barruko ‘gerra’ pasatu eta bataila irabazi nuenean, 2003an nik laga nuen alkatetza, neure erabakiz. 2001ean, EAJren batzarrean adierazi nuen publikoki gehiago ez nintzela aurkeztuko. Diputatu batzuek errieta egin zidaten, beste legegintzaldi garrantzitsu bat banuela esanez. Pena banuen, segituz gero beste proiektu horiek aurrera aterako nituelako, baina gero ere beste zeozer izango zen. Ondoren, Diputazioan sartu nintzen eta Sprilurreko ordezkaria izan nintzen. Alderdi barruan beti justifikatzen, leporaino egin nintzen. Gestio txarra edo lan gutxi egiten nuela esanez ezin ninduten izorratu. Orduan, Esklabetako komentu kontuan bilatu zuten aitzakia. Ustelkeria salaketan publikoki kalte egin didana EAJko jendea izan da. Alderdi barruko tribunalean epaiketa izan nuen eta sekulako jipoia hartu zuten batzuek. Momentu txarretan, kokildu beharrean hazi egiten nintzen. Auzarazako etxeen kontuan, hainbat salaketa tarteko, oraindik ere epaitegian nahastuta jarraitzen dute hainbatek. Horientzat guztientzat etsaia naiz ni. Jesus Larrañaga Kinttela alkategai aurkeztu zenean, nik berari esan nion barregarri geratzerik nahi ez bazuen hautagaitza erretiratzeko. Ni ez naiz ezkutuan eta atzetik ibiltzen, aurpegira esatekoa naiz. Haiek uste zuten alkategai aurkeztu, alkatetza lortu eta hori guztia estaliko zutela. Ez dira gauzak horrela izaten. 1999ko hauteskundeetan, alderdiko hainbatek botoa eskaini zien EAri eta HBri, eta hala ere irabazi egin genuen. Ederki izorratu zituen horrek! Bidezkoa da alkate beste bat nahi izatea, baina ez nire izena zikinduta. Garbi jokatuta.
 
Bere garaian EAJtik kanpo hautagaitza aterako zenuen zurrumurrua ere izan zen. 
 
Jende batek laguntza eskaini zidan independente bezala aurkezteko, alkatetza lortuko nuela eta. Baina EAJko militante bezala ezin nuen hori onartu. Alderdiko gehiengoaren babesa beti izan dut, bai udalean, bai EAJn, oro har. Nik ez nuen inoiz planteatu nire sigletatik aparte aurkeztea. Kontu handiz ibili behar da. Nik uste dut garai onean erretiratu nintzela eta ondo bukatu dudala. 
 
Hamabi urteren ostean, Azpeitiko EAJren zerrenda ixten agertu zinen maiatzeko hauteskundeetan. Zer dela eta buelta? 
 
Alkate bezala oso hurbilekoa nintzen ni herritarrekin, eta ohitura hori galtzen ari da. Batzuek esan zidaten, aurrerago joan behar nuela. Hori izan zen, azken batean, zerrendari itxura emateko.
 
Prest zeundeke inoiz politikagintzara itzultzeko? 
 
Ez. Momentu honetan, bizimodu lasaia dut eta ez dut politikagintzara itzultzeko asmorik. 
 
Batzuentzat 'Azpeitiko alkate' izan zara eta izango zara beti. 
 
Bai, oraindik bai. Nire semeak askotan haserretu egiten dira, oraindik ere 'alkatearen semea' esaten dietelako. Hori baserriaren izena bezala da. Askok Bastida bezala ezagutzen naute baina gertukoenek Egibar esaten didate, jaio nintzen baserriagatik.  
 
Gaur egun nola ikusten duzu Azpeitia?
 
Momentu honetan, industriari dagokionean, triste, izorratuta. Herrira ez da puntako industriarik etorri eta, erraza izan ez arren, Udalak gehiago egin dezake eta ernai egon behar du, proiektu berriak bultzatu eta ekartzeko, eta daudenei laguntzeko. Luciano Soraluze Muno-k Esklabak bere lurrekin erosi zituen baina, azkenean, Udalari utzi dio Esklabetako eraikina. Azpeitiko Udalak, Eusko Jaurlaritzak eta Luciano Soraluze Munok akordioa lotuta zuten institutuko lurrak Esklabetakoekin trukatzeko, Eusko Jaurlaritza 20.000 metro karraturekin geratzeko eta Udala 50.000 metro karraturekin. Modu hartan, Eusko Jaurlaritzak ikastola eraikiko zuen Esklabetan. Baina EAJko jende bat bazterrak nahastera sartu zen, ustelkeria delitu batean nahastuta nengoela esanez, eta operazioa izorratu zuten. Bestalde, Lapatxek urtean diru kopuru bat ordaintzen dio Udalari, zabortegia herrian dagoelako. Baina jendeak jakin behar du Lapatx ixten denean beste 30 edo 40 urte behar dituztela hori seilatzen, eta horretarako dirua behar da.
 
Zeozer falta dela uste duzu?
 
Agian, ez da erraza, baina erabakiak hartzea falta zaio Udalari. Zabortegia ixten bada arazo serioa izango du Azpeitiak, diru-sarrerei dagokienez. Gauza asko egin du Enekok, baina beste salto bat eman behar du. Bigarren agintaldia gogorra egingo zaio. Eneko mutil argia da oso, baina une honetan arazo zailak ditu. 
 
EAJk bi agintaldi daramatza oposizioan. Zertan huts egin du zure alderdiak? Eta zertan asmatu dute besteek?  
 
Aurreko agintaldian, Kinttelaren hautagaitzarekin ez zuten asmatu. Oraingoan, berriz, jende egokia dago EAJn. Eta, Enekoren hautagaitza aurkeztu zuten ez zelako alde bakarreko erradikala. Oreka gordetzen duen pertsona da Eneko eta badaki hor ibiltzen. Hautagaitza osatzea oso zaila da, jendeak uste ez arren. Egundoko lotura da. Gure garaian kontzientzia politiko handiagoa genuen eta zuen jendeak, oro har. Ni udalean sartu nintzenean, frankismo garaian egondako zinegotzi guztiekin hitz egin nuen. Zekiten guztia atera nien. 
 
Herrian kultur-kirol-gizarte eragile ugari dago, eta ageriko lan handia egiten ari dira azken urteetan. Nola baloratzen duzu horiek egiten duten lana?
 
Oso ondo. Gure garaian baino askoz ere aukera zabalagoa dago orain, baina zuk estruktura mordoa baldin baduzu, kontrolatu ere egin behar dituzu. Azken finean, denak udaletxera eskean doaz, udaletxea esne-behia balitz bezala; eta hori arduraz kontrolatu behar da, oreka gordez.
 
Udaletxera sartu-irtenean ikusten zaitugu oraindik. 


Bai, duela gutxi aurpegiratu zidan neure alderdiko batek oraindik udaletxera joateari ez niola utzi. Horiek zeloak dira. Bai, nik udaletxean harremanak ditut. 
 
Nola ikusten duzu Euskal Herriko egoera politikoa, ekonomikoa eta soziala? 
 
Nahiko tentsio dago momentu honetan eta nik uste dut Kataluniako kontuak beti ukitzen diola.
 
Kataluniako sezesio prozesuaz, zer? 
 
Raxoiri aukera-aukeran etorri zaio hori guztia. Halere, uste dut kataluniarrak ez direla dioten bezain independentistak. Nik ez dakit kontu hori zergatik martxan jarri zuten. Uste dut lortu nahi dituztela euskaldunok ditugun estatutua, kontzertua eta kupoa. Ni ez nago independentziaren kontra, baina uste dut alderdi nazionalista bateko kide izanda urrutira ailegatu direla. Momentu honetan, Euskal Herriak independentzia aldarrikatzea gauza bat da, baina Espainia bera ere ez da independentea, gaur egun. Europak agintzen dio Espainiari. Azken udal eta foru hauteskundeetan, Bilduri uste ez zuena pasatu zitzaion. Guztien kontra ez dago joaterik: ehiztarien, baserritarren, industrialarien... kontra. Atez atekoa ere nahitaez jarri beharra, hori horrela ez dago egiterik. Uste dugu otzan-otzanak direla herritarrak baina herriarekin kontuz ibili behar da. Uste dugu herria ezjakina dela eta manipulatu egin dezakegula, baina ez.
 
Katalunian abertzaleek bat egin dute. Gurean aukera hori nola ikusten duzu? 
 
Baina zuk uste duzu bat egin dutela Katalunian? Nik ez dut sinesten. Batasun hori komenentziazkoa izan da. Eta akordioak lortzeko Mas horiekin erortzea, estuasun larrian egon delako egin dute bat. Kataluniako sezesioa pikutara doa. Bestalde, Bildu barruan gauzak argitu behar dituzte, garai batean guk EArekin egin genuen bezala; oraindik hor izango da nahikoa zirti-zarta. 
 
Zu alkate zinen garaian ETA aktibitatean zegoen. Nola bizi zenuen giro hura? Gaur egun, berriz, armak utzita da ETA, baina zauri asko dago ixteko: biktimak, epaiketa politikoak, presoak urrunduta... 
 
Niri hildako dezente tokatu zitzaidan. Gauza batzuk egin dira hemen... bai alde batera, bai bestera. Gainera, biktima batzuk ez daude prest barkatzeko. Ez dut esan nahi gauza batzuk ahazterik dagoenik, baina zenbaitek duen gorrotoa... Presoen gaia nahiko zaila ikusten dut. PPk segitzen badu zaila dute, nola eta Langraizko bidera sartu, damu direla esan eta barkamena eskatzen ez duten. Eta hori organizazio bezala zaila da.       
 
Jubilatuta, zer moduz bizi zara? 
 
Ni oso ondo. Neure buruari beti bilatzen diot zeozer aktibo egoteko. Nik ezin dut geldirik egon.
 
Erraza egin al zaizu egunerokotasun horretara egitea? 
 
Bai. Sagastia dut, baratzean ere aritzen naiz. Antzarrak ere baditut eta txakurrek bezala salatzen dute. Etxea zaintzeko dira onak. 
 
Nolakoa da zure egun bat? 
 
Zazpietarako jaikitzen naiz, iratzargailurik gabe. Batzuetan lehenago, telebistan albisteak ikustea gustatzen zait eta, baina orain nazkatuta nago Raxoi eta katalanekin. Ondo gosaldu eta Azkoiti aldera ibiltzera joaten naiz, baita eguraldi txarra egiten badu ere. 
 
Zer zaletasun dituzu? 
 
Txirrindularitza, pilota, futbola... Kirol guztiak bizi ditut. Migel Madariaga lagun handia dut eta urte askoan joan naiz Euskaltelekin Frantziako Tourrean, zuzendariaren kotxean. Hori sekulako gozamena da. Euskalteleko bazkidea naiz, bizikleta ikaragarri gustatzen zait. Gainera, behin, ikaragarrizko astindua hartu mendiko bizikletarekin erorita. 24 urtean, behin egon naiz bajan, erorketa hura eta gero. Meniskotik operatu nindutenean ere ez nuen bajarik hartu; kristoren astakeria egin nuen orduan. Egunkariak leitzea ere asko gustatzen zait. Eta gauean albistegiak ikustea, egunerokoa jarraitzeko.  
 
Ehizean ere ibiltzen zara.
 
Toledo aldera joaten gara usotara, lau lagun. Koto batera joaten gara eta han txabola dugu, bazkaldu eta afaltzeko. Hango ostatu batean egiten dugu lo, erosotasunean. Ni ez naiz ehiztari bero horietakoa. Niri gustatzen zait ehiza lagunarteko giroarekin uztartzea, bazkaldu eta afaldu bapo. Perretxikotara ere bai, onddoetara. Igandeak, berriz, sakratua dira, familiarekin egoteko.
 
Attitte ere eginda zaude. 
 
Zazpi biloba ditut: Miren, Ane, Eneko, Beñat, Lukene, Karmen eta Milena. Nik ez nuen denborarik izan semeekin gozatzeko. Orain, semeek esaten didate beraiekin gozatu ez nuena bilobekin ari naizela egiten. Semeen heziketan lan handia egin du andreak.
 
Nola gustatuko litzaizuke azpeitiarrak Bastidaz akordatzea? 
 
Gertuko pertsona bat bezala, herriaren alde ahalegina egin duena.