Elizak bederatzi ondasun immatrikulatu ditu Azpeitian

Uztarria.eus 2016ko urt. 22a, 19:55
Azpeitiko parrokiaren orubea da Elizak bereganatutako ondasunetako bat.

Tartean daude Soreasuko San Sebastianen parrokiaren, Urrestillako parrokiaren, eta Olazko, Madalenako, Oñazko, Elosiagako eta Eizmendiko ermiten orubeak. Berria egunkariak eman du EAEn Elizak bereganatutako ondasunen berri.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Elizak bereganatutako ondasunen berri emanez erreportajea argitaratu dute gaur, ostirala, Berria egunkarian. Immatrikulatutako ondasunez ari dira artikuluan; aurrez inoiz eta inon erregistratu gabe zeuden jabetzak lehen aldiz erregistratzeaz, alegia. Espainiako Hipoteka Legeari esker, Elizak hainbat ondasun bere izenean jartzeko baliatu izan ditu immatrikulazioak eta, artikuluan aipatzen den bezala, azkenaldian prozedura horren kontrako mugimenduak ere eman dira gurean.

Artikulua osatuz, Elizak bereganatutako ondasunen herriz herriko zerrenda ere osatu dute Berria-n Gipuzkoan Elizak bereganatutako 388 ondasunetatik, bederatzi Azpeitiko udalerrian daude. Bi urtetan banatuta immatrikulatu zituzten Azpeitiko ondasun horiek: eliza bat eta lau ermita 1985ean; eta eliza bat, ermita bat, baratze bat eta belardi bat 1990ean.

Berria-ren bidez egunean zehar sare sozialetan zabalduz joan diren agirietan ikus daiteke Azpeitian Elizak immatrikulatutako ondasunak zein diren. Horrela, 1985ean Elizak bereganatu zituen Soreasuko San Sebastianen parrokiaren eta Elosiagako, Olazko, Oñazko eta Madalenako ermiten orubeak; eta 1990ean, berriz, Urrestillako parrokiarena, Eizmendiko ermitarena, Urrestillan elizaren ondoan dagoen baratze batena, eta belardi batena, azken hori ere Urrestillan.

1998a arte, Hipoteka Legeak ez zuen uzten gurtza lekuak -parrokiak eta ermitak, kasu- immatrikulatzea. Hala ere, Gipuzkoako kasu gehienak urte horren aurrekoak dira, Azpeitiko bederatziak bezala. Horren azalpena honela eman du Garikoitz Goikoetxea kazetariak Berria-en idatzi duen erreportajean: "Zeharkako bide bat erabili zuten aurretik berenganatzeko: ezin zituztenez gurtza tokiak jarri beren izenean, toki horiek dauden orubeak erregistratu zituzten -paperetan argi adierazirik, hala ere, lursail horretan zein eliza edo ermita dagoen-. Jose Maria Setien gotzain zenekoak dira ia kasu guztiak; izatez, nahiz eta ondasunak herri bakoitzeko parrokiaren izenean agertzen diren kasu gehienetan, Setien bera ageri da paperetan parrokiaren buru". Azpeitiko eta Urrestillako parrokien izenean jarrita agertzen dira, hain zuzen, aipatutako bederatzi ondasunak.