Plax! bikote eta sexu aholkularitza zerbitzua indartu du Udalak

Uztarria.eus 2016ko urt. 15a, 11:56

Orain arte hilean hiru orduko zerbitzua eskaini dute baina izan duen erantzuna ikusita, 2016ra begira sei ordukoa izango da aholkularitza eskaintza. Saioak asteazken arratsaldetan eta zapatu goizetan izango dira. 

Udalak 2014an jarri zuen martxan Plax! Sexu eta bikote aholkularitza zerbitzua eta indartu egin du aurten. Orain arte, hilean hiru orduko aholkularitza zerbitzua eskaintzen zuten, baina izan duen erantzuna ikusita, orduak bikoiztu eta sei orduko zerbitzua emango dute aurrerantzean.  Modu horretan, asteazken arratsaldetan, 16:00etatik 19:00etara, eta larunbat goizetan, 10:00etatik 13:00etara eskainiko dute aholkularitza. 

Eneko Etxeberria alkateak adierazi du zerbitzua "beharrezkoa" dela eta horregatik Azpeitiko Udalak zerbitzuaren alde apustu egiten jarraituko duela. Bestalde, gaineratu du, sexua eskubidea dela eta horrekin lotutako beharrak zerbitzu publikoetatik bermatu behar direla. "Normaltasunez hartu behar dugu sexuaren gaia, lotsarik gabe, eta norbaitek gaiaren inguruan jakin-mina badu eskubide hori bermatu behar dugu" adierazi du. Plax! arreta "profesionala, integrala eta doakoa" dela nabarmendu du Etxeberriak.

Edurne Mendizabal aholkulariak eta Arremanitzeko kideak adierazi du zerbitzua "doakoa, publikoa eta erabat konfidentziala" dela. Gainera, esan du aholku eske hurbiltzen diren herritarrei "jarraipen zorrotza” egiten dietela. 

Zerbitzua hobetzea helburu

Aholkularitza zerbitzuak erantzun ona izan duela nabarmendu du Mendizabalek eta 20 eta 60 urte bitarteko herritarrak joan zaizkiela azaldu du aholkulariak. 

Halere, Mendizabalek adierazi du "oraindik jendeak zailtasunak eta lotsak" dituela aholku eske hurbiltzeko eta horren aurrean erraztasunak jarri nahi izan dituzte zerbitzua hobetze aldera. Horrela, telefono zenbakia jarri dute, beraiekin harremanetan jarri nahi duen orotzentzat. Honakoa da zenbakia: 688 89 79 20. Bestalde, bulegoaren kokalekua "neutroa" izaten saiatu direla adierazi du eta horregatik aukeratu dutela Sindikatu Zaharreko bigarren solairua. Bestalde, elkarlana azpimarratu du eta esan du Uztarria Komunikazio Taldearekin eta Osakidetzarekin elkarlanean ari direla. 

Ana Errasti Azpeitiko anbulatorioko langileak adierazi du "kalitateko zerbitzua eskaintzea da elkarlanaren helburua, sexualitatea eta arriskua banatzeko”. Bestalde, esan du osasun eskubidea bermatzeko "ezinbestekoa" dela zerbitzu publikoa eta elkarlana. "Oso gustura gaude orain arteko elkarlanarekin, horrek proiektuaren parte sentiarazten gaituelako" esan du Errastik. 

Leire Etxaniz Parekidetasun zinegotziak adierazi du "lan handia" egin dela Azpeitian sexualitatearen inguruan, eta horrela jarraitzea "beharrezkoa" dela eta hala egingo dutela. Izan ere, esan du "sexismoak oraindik indar handia" duela. Etxanizen hitzetan "aukera berriak edo zailtasunak partekatzeko gunea izan daiteke Plax.