Atletismoa eta pilota, Udalak 2016an emakumeei zuzendutako kirol eskaintzan

Uztarria.eus 2016ko urt. 8a, 16:16
Zinegotziak eta begiraleak Frontoi Txikian, emakumeentzako kirol eskaintzaren aurkezpenean.

Hamargarren urtez antolatu du Azpeitiko Udalaren Kirol sailak Zuk ere ahal duzu! egitasmoa. Aurten beste egitasmo bat ere martxan jarriko dute, Emakumea Pilotari. Emakumeak kirolera hurbiltzea du helburu kirol programa berriak. 

Urte berriarekin batera, emakumeei zuzendutako kirol programa berria aurkeztu du gaur, ostirala, Azpeitiko Udalaren Kirol Sailak. Zuk ere ahal duzu! eta Emakumea pilotari egitasmoak jarri dituzte martxan, emakumeak kirolera hurbildu asmoz.  

Hamar urte joan dira Zuk ere ahal duzu! egitasmoa hasi zenetik eta "beste urteetan izandako arrakasta ikusita" antolatu dute aurtengoan ere. Izan ere, aurreko urteetan 160 emakume inguruk hartu dute parte bertan. Egitasmoak bost asteko iraupena izango du eta bi txandatan banatuko dute. Goizeko taldearen saioak 10:00etatik 11:15era izango dira eta arratsaldekoarenak, berriz, 18:15etik 19:30era. Korrika egiten hasteko topalekua igerilekua izango da. 

Saioak hasi aurretik bilera informatiboak egingo dituzte hurrengo ostegunean, urtarrilaren 14an. Goizeko txanda aukeratu dutenentzat bilera 10:00etan izango da, eta arratsaldeko taldearena 18:15ean egingo dute. Lehenengo saioak, berriz, urtarrilaren 21ean izango dira. Izen-ematea irekita dago, eta igerilekuan, Emakumeen Txokoan nahiz kiroldegian egin daiteke, 10 euroren truke. Maite Beobide eta Maider Oteiza arituko dira monitore lanetan. Korrika egitearen onurak eta abantailak ezagutaraztea da Zuk ere ahal duzu! programaren helburua, "taldean aritzeak duen balio erantsiarekin".

Emakumeak berriro pilotari

Bestalde, iaz emakumeen binakako pilota txapelketak izan zuen arrakasta ikusita, aurtengoan Emakumeak pilotari txapelketa berreskuratzea erabaki du Udalak, "emakumeak pilotara gerturatzen jarraitzeko". Hala, otsailetik aurrera, txapelketaz gain, pilota saioez gozatzeko aukera izango dute nahi duten emakumeek.

Astean bi orduko saioak izango dira horiek eta Alaitz Badiolak gidatuko ditu. Izen-ematea urtarrilaren 11tik 29ra arte egongo da zabalik Emakumeen Txokoan, kiroldegian eta igerilekuan. Saioen egutegiari dagokionez, parte-hartzaileek astearte, asteazken eta ostegunaren artean aukeratu beharko dute, eta gehienek aukeratutako egunean izango dira saioak. Otsailean hasiko da ikastaroa eta kuota 120 eurokoa da.