Laxaro Azkune: "Azpeitiko auzoak jendez eta izaeraz ari dira husten"

Urola Kostako Hitza 2016ko urt. 8a, 10:08

Oroimen bizia, Azpeitiko auzoak XX. mendean’ liburua idatzi du Laxaro Azkunek, eta Azpeitiko Udalak argitaratu du. Gaur aurkeztuko dute Sanagustin kulturgunean, 18:30etik aurrera.

Nondik sortu da gai hau lantzeko ideia?

Udaleko hezkuntza lantaldean sortu zen ideia, eta nigana etorri ziren. 2014ko urrian heldu genion proiektuari. Azpeitiko auzoak aldatu egin direla-eta, horren testigantza jasotzea nahi zuten. Beti bizi izan dut auzo- eta baserri-giro hori. Belaunaldi aldaketak eragina izan du, eta interesgarria iruditu zitzaidan.

Nola osatu duzu liburua?

11 auzotan banatu dut herria, eta bertako pertsonekin egon naiz, 1920 eta 1950 artean jaiotakoak, gehienak. Haiek kontatu didate nola bizi ziren gazte denboran. Horrez gain, Ahotsak-ek eginiko grabazio batzuk ere erabili ditut.

Puntu batzuei jarraiki osatu dut lana: familia, bizimodua, lana, erlijioa, ikasketak, festa eta erromeriak, pasadizo bereziak eta abar. Informazio bilketa egin dut, eta gero txukunketa. Auzo bakoitzak bere kapitulua du, eta beste atalburu bat osatu dut Azpeitia izenburuarekin, auzo guztietan agertu diren datu komunekin. Bestalde, saiatu naiz auzo bakoitzeko pertsonaia garrantzitsu edo entzutetsuak biltzen: kirolariak, musikariak, misiolariak, idazleak…

Auzoen banaketa egiteko zer irizpide erabili dituzu?

Auzo bezala funtzionatu eta bizi izan diren guneak hartu ditut. Ez dut erabili udalak duen banaketa ofiziala. Esate baterako, Landeta ez dute auzotzat hartzen herriko mapan, baina XX. mendean protagonismo handia izan du, eta nik sartu egin dut.

Bere izaera du auzo bakoitzak: nola definituko zenituzke?

Hain zuzen, kapitulu bakoitzari azpititulu bat jarri diot, ezaugarri nabarmen batekin. Aratzerreka aizkolarien kabia izan da; Elosiaga-Eizmendi auzoak Urrakiko igoerako errepidea du ezaugarri; Landeta auzoa nabarmentzen da baserritarrek aukera izan zutelako industrialdetan lan egiteko; Lasaori Argiaren auzoa deitu diogu, bertan jarri baitzuten argindarra sortzeko Espainiako lehen dinamoa; Loiola Jesuitek markatzen dute, baina familia indartsuen auzo ere izan zen; Matxinbenta sukaldarien harrobi bezala ezagutzen dugu, Lasatarrak ditugu horren erakusle; Nuarbe otarragintzaren unibertsitate bezala definitu dut; Odria bertsolarien mintegi gisa; Oñatz apustuzaleen gune, eta Urrestilla, herria amets. Izan ere, aldarrikapen hori egin izan dute auzoan 70etik aurrera.

Baserri mundutik begiratu diezu auzoei.

Bai. Baserri munduari eta baserritar eta kaletarren arteko istiluei. Baserri munduari zor zitzaion aitorpen bat, protagonismo handia izan duelako; eta, gaur egun, azpeitiar askoren sustraiak baserrian ditugulako. Hangoak dira gure arbasoak. Bizitzeko modu hori desagertzen ari den garaiotan, lekukotza jasotzea eta zaintzea garrantzitsua da

Elkarrizketa osoa, Urola Kostako Hitza-ren webgunean