Zuloak aurkitu dituzte Garmendipe futbol zelaiko emakumeen aldageletako hormetan

Urola Kostako Hitza 2016ko urt. 7a, 10:31
Garmendipe futbol zelaiko emakumeen aldageletan agertu dira zuloak. (Julene Frantzesena)

Futbol jokalariak abenduaren 10ean jabetu ziren zuloez, eta Lagun Onak futbol klubak "berehala" hartu zituen neurriak . "Oso kezkatuta eta penatuta" daudela adierazi dute Azpeitiko futbol taldeko ordezkariek.

Azpeitiko Garmendipe futbol zelaiko emakumeen aldageletako hormetan zenbait zulo aurkitu zituzten duela aste batzuk. Hala baieztatu ahal izan du Urola Kostako Hitzak Lagun Onak Futbol Taldearekin, Ertzaintzarekin eta Azpeitiko Udalarekin hitz egin ostean.

Mikel Izurieta Lagun Onak Futbol Taldeko presidenteak azaldu duenez, “ikerketa zabalik” dago: “Garmendipe futbol zelaiko aldageletan agertu dira zuloak. Uneotan, Ertzaintza ari da ikerketa egiten, zulo horiek zertarako erabili diren-eta aztertzen”. Hala eta guztiz ere, zuhurtziaz jokatzeko eskatu dute klubeko kideek, “gaia epaitegian dagoelako, eta ikertzen ari direlako”: “Ikusi egin beharko da zer gertatzen den, ezer esaten hasi aurretik; behin mina eginda, alferrik da-eta atzera egitea”.

Lagun Onak, “kezkatuta”

Lagun Onak-eko nesken taldeko jokalari gaztetxoak abenduaren bigarren astean jabetu ziren aldageletako zuloez, eta klubak egunean bertan jarri zuen salaketa Azkoitiko Ertzainetxean. Zulo horiek noiz eginak diren ez dakitela esan dute futbol taldeko kideek, baina aspalditik, behintzat, ez daude han, haien arabera. Lagun Onaketik azaldu dutenez, “gertaeraren berri izan bezain laster” hartu zituzten neurriak: “Neskek abenduko bigarren astean aurkitu zituzten zuloak aldageletako paretetan, eta klubeko ordezkarioi horren berriz eman eta segituan bideratu genuen kontu hau guztia Ertzaintzara”.

Lagun Onakeko kideek esan dutenez, horrelako gaiak “oso delikatuak” izan ohi dira: “Hasieratik gauzak garbi egin behar ziren, eta horretan saiatu gara guztiok uneoro”. Klubeko ordezkariek nesken taldeko gaztetxoen gurasoei ere azaldu zieten gertatutakoa. Delitu pribatua da salatu dutena; hori dela-eta, gurasoek aukera izan dute banaka salaketak jartzeko. Gertatutakoaren aurrean, nesken gurasoek izan duten jarrera ona nabarmendu dute futbol taldeko ordezkariek. Gaur egun, Azpeitiko epaitegian dago auzia.

Albiste osoa, Urola Kostako Hitza-ren webgunean.