Hiru Erregeak, estazioko korridore estutik kabalkadara

Uztarria.eus 2016ko urt. 5a, 19:03

Meltxor, Gaspar eta Baltasar Azpeitian dira dagoeneko. Bost eta erdiak pasatxoan iritsi dira Burdinbidearen Euskal Museora, Lasaon hartu duten lurrun trenean. Trenean beraiekin batera etorri direnez gain, Urolako Trenaren garai bateko estazioan dozenaka eta dozenaka lagun zituzten zain, haurrrak eta helduak; urduritasuna aurpegietan zutela txikienak, gozokiak pilatzeko zorroak prest, eta Errege Magoen iritsiera iruditan jasotzeko mugikorrak eskuetan zaharrenak.

Trenbidetik estazio kanpoan zain zituzten kotxeetarako bide laburra giza-korridore estu-estua zeharkatuz egin dute erregeek eta haien laguntzaileek, futbol edo rock izarren pare. Kotxeetara ailegatzerako agortu zaizkie gozokiak, kanpoaldean ere zain zeudenen etsipenerako.

Harrera beroaren ondoren, atseden pixka bat hartu eta zazpietarako igerileku aurrean izango dira Erregeak, handik abiatu eta plazan bukatuko den kabalkadan irteteko pronto. Opariak ere prest omen dituzte, gauean banatzeko...