'Oroimen bizia. Azpeitiko auzoak XX. mendean' liburua ostiralean aurkeztuko dute

Uztarria.eus 2016ko urt. 5a, 16:52
'Oroimen bizia. Azpeitiko auzoak XX. mendean' liburuaren azala.

Laxaro Azkunek idatzi du eta Azpeitiko Udalak argitaratu. Aurkezpen ekitaldia Sanagustin kulturgunean izango da, 18:30ean. Sanagustingo aurkezpen ekitaldian, eta urtarrila bukatu arte udaletxean, liburua doan eskuratu ahal izango da. Otsailetik aurrera, berriz, 5 eurotan salduko dute.

Azpeitiko auzoetan XX. mendean, bereziki hasierako eta erdialdeko hamarkadetan, bizimodua eta ohiturak nolakoak ziren jasotzen duen liburua ostiralean, urtarrilak 8, aurkeztuko dute. Oroimen bizia. Azpeitiko auzoak XX. mendean Laxaro Azkunek idatzi du eta Azpeitiko Udalaren Hezkuntza sailak argitaratu. Aurkezpen ekitaldia, berriz, Sanagustin kulturgunean izango da, 18:30ean.

Aratzerrekan, Elosiaga-Eizmendin, Izarraitzen, Landetan, Lasaon, Loiolan, Nuarben, Matxinbentan, Odrian, Oñatzen eta Urrestillan jasotako 30 testigantzarekin borobildu du liburua egileak. Auzo bakoitzak du atal berezitu bat eta, batik bat, baserri guneetako bizimodua da ezagutzera ematen duena. Aurreko mendearen azken hamarkaden aurretik hemengo baserrien egitura, familia unitateak, lanak eta ofizioak, Elizaren eragina, elikadura kontuak, janzkera eta garbitasuna, festak eta erromeriak nolakoak ziren kontatzen du Azkunek bere lanean.

Liburuak 306 orrialde ditu. Udalak 1.500 ale argitaratu ditu. Sanagustingo aurkezpen ekitaldian, eta urtarrila bukatu arte udaletxean, liburua doan eskuratu ahal izango da. Otsailetik aurrera, berriz, 5 eurotan salduko dute.