Lina Iriarte: "Bizi kalitatea hobetzea da helburua"

Uztarria.eus 2016ko urt. 5a, 13:40

Uztarria herri aldizkariaren abenduko zenbakia Uztarria.eus-en irakurgai dago jada, PDF formatuan (hemen). Aldizkariaren 178. zenbaki horretan Lina Iriarte zainketa aringarrietako medikuari egindako elkarrizketa ekarri dugu hona.

Medikuntza ikasketak egin ostean, onkologia erradioterapikoan espezializatu zen Lina Iriarte. Zainketa aringarrien inguruko master bat ere egin zuen, eta ordutik, arlo horretan ari da lanean. Donostia Ospitaleko Zainketa Aringarrien Unitateko medikua da egun.

Zer dira zainketa aringarriak? 

Medikuntza, batez ere, ikerketara eta sendatzera dago bideratuta. Ez gara jabetzen herritarren bizi itxaropena hazten ari dela, gizartea gero eta zaharragoa dela eta minbizi eta gaixotasun degeneratiboen –alzheimerra eta zahartzaroko dementzia– kopurua handitzen ari dela. Gaixotasun horiek, askotan, ez dute sendagairik. Zainketa aringarriak deritzona medikuntzaren barruko diziplina bat da. Helburua da gaixotasuna zabaltzen edo garatzen ari zaien, tratamentu sendagarririk ez duten gaixotasunak dituzten eta bizi itxaropen mugatua duten pazienteak artatzea. Zainketa aringarriak bere garaian, gaixo onkologikoei zuzenduta sortu ziren; orain paziente onkologikoentzat ez ezik, gaixotasun neurologiko degeneratiboa nahiz gutxiegitasun kardiakoa, hepatikoa, biriketakoa edo giltzurrunetakoa duten pazienteentzat ere badira. Horientzat ez dago tratamendu sendagarririk, baina zainketa behar dute. 

Etxeko zainketa zerbitzua ere eskaintzen duzue, ezta? 

Gipuzkoan zainketa aringarrien bi unitate daude: Matia Fundazioaren Bermingam eta Donostia Ospitalekoa. Etxeko ospitalizazio zerbitzua ere badago, ospitalean egoteko beharrik ez duten edo etxean egon nahi duten pazienteentzat. Zerbitzu hori eskualde guztietako ospitaleetan dago, eta horiekin elkarlanean aritzen gara. Pazientea etxean egongo da, eta  eskualdeko ospitaleko medikuak joango dira haren etxera. Unitatean ingresatu behar badu, berriz, bi horietako batera joango da. 

Zainketa aringarriak ez dira medikuntza-espezializazio Espainian. 

Europako 18 herrialdetan, bai. Espainian ez, eta zainketa aringarrietan lan egiten dugunok onkologia medikoan, onkologia erradioterapikoan, barne-medikuntzan, geriatrian edo lehen mailako arretan gara espezialistak. Ni onkologia erradioterapikoan espezializatu nintzen, eta gero zainketa aringarrien inguruko masterra egin nuen. Onkologia kontzeptuak barneratuta izatea oinarrizkoa da arlo honetan lan egiteko. 

Artatzen dituzuen pazienteek zer gaixotasun izaten dituzte?

Gehienak gaixo onkologikoak dira. Bestalde, Alboko Esklerosi Amiotrofikoaren Gipuzkoako koordinatzaileak gara. Gaixotasun hori duten pazienteek diziplina desberdinen beharra izaten dute, eta guk hori guztia koordinatzen dugu, ez daitezen noraezean ibili.

Zaintzea eta sendatzea ez da gauza bera. Mediku izanda, zer sentitzen da gaixoa ez duzula sendatuko jakitean?

Medikuntzaren filosofia eta oinarria, finean, gaixoaren zaintzan datza. Horregatik ikasi nuen medikuntza. Dena den, egia da, zainketa aringarrietan lan egitea, batzuetan, oso gogorra dela. Izan ere, atsegina da sendatzea; gaixo dagoen pazientea “sendatu egin dut”, esatea. Baina zaintzea bera ere oso ederra da. Ez duzu gaixoa sendatuko, baina lehen aldiz izugarrizko minarekin dagoela ikusi, eta sendagaia egokitu, zer min mota eta zergatik duen aztertu, eta 24 ordura, beste pertsona bat dela ikustea, ikaragarria da.

Zer eskaintzen duzue unitatean?

Beste diziplina batzuekin alderatuta, pazientea eta haren familia artatzen dira. Bizi kalitatea da helburua, eta pazienteak definitzen du. Erosotasuna eskaintzen diegu, eta sufrimendua gutxitu. Zuretzat bizi kalitatea izan daiteke minik ez edukitzea. Beste batentzat, berriz, erabakimena edukitzea, min pixkat ere eduki arren. 

Hil artean zainketak eskaintzea al da helburua?

Gaixotasun askoren prozesuan, pazientearentzat tratamendu sendagarririk ez dagoen une bat iristen da. Halakoetan, askotan esaten da, eta profesionalok ere esan izan dugu, “ja ez dago ezer egiterik”. Baina hori ez da horrela; izan ere, asko dago gaixoari eskaintzeko eta egiteko. Gaixoa halako uneetan abandonatuta sentitzen da, ematen duelako inori ez zaiola axola hortik aurrerako prozesua. Beraz, heriotza duina eskaintzeak sintomen kontrol egokia egitea ­–ez soilik mina: loezina, idorreria, hesteetako arazoak...–, behar fisikoei erantzutea, egoera soziofamiliarra baloratzea –zintzilik dituzten gauzak konpontzea– eta behar emozionalei erantzutea eskatzen du, lasai hil daitezen. Horregatik, zainketa aringarrietako taldeak diziplina anitzekoak dira: medikuek, erizainek, laguntzaileek, gizarte langileek, psikologoek eta boluntarioek osatzen dituzte.

Hala eta guztiz, jendea minez hiltzen da.

Min fisikoarekin hiltzen da jendea, baina ez delako zainketa aringarrietara iritsi; medikuak ez diolako esan edo errekurtso faltagatik. Familiek askotan diote ez dutela euren senideak sufritzerik nahi, baina hori ezinezkoa da. Pazienteari sendatu ezin daitekeen gaixotasun bat diagnostikatzen diotenean, sufrimendua beti agertzen da. Gure helburua da sufrimendua ahalik eta gehien gutxitzea. Bestalde, hor dago emozioen osagaia ere, eta horrek min fisikoa handitzen eta indartzen du. Erabateko mina deitzen zaio horri.

Zainketa aringarriak heriotzarekin lotzen dira.

Nahasmen handia dago. Jendeak uste du zainketa aringarriak jasotzen dituen gaixoa ohean dagoela, erdilotan, jan gabe, komunikatzeko gaitasun barik... eta gure lana morfina jartzea dela. Gainera, normalean, zainketa aringarriez hitz egitean, azken fasean, agonian, dauden gaixoez aritzen gara. Pazientearentzat eta familiarentzat oso garrantzitsuak dira agonia egun horiek. Zainketa aringarriak, baina, agonia egun horiek baino gehiago dira. Kanpo kontsultak ere baditugu, eta horrek esan nahi du badirela zainketa aringarrien zerbitzuak jasotzen dituzten, baina erlatiboki bizi normala egiten duten gaixoak. 

Lan gogorra al da?

Gogorra da, baina oso polita. Jendeak esaten digu: “Zuek ohituta egongo zarete lan hau egitera”. Eta nik esaten dut, ohituta bageunde, ez ginatekeela horretan arituko, bihozgabe bilakatuta geundekelako. Kasu batzuk oso gogorrak dira, eta nabaritzen ditugu ondorioak. Adibidez, gazteak, umeak dituztenak, familia egoera kaskarra dutenak... ere artatzen ditugu. Egoera sozial izugarriak ikusten ditugu, eta etxera jota joaten gara askotan. Taldean egiten dugu lan, eta oso garrantzitsua da, elkarri laguntzen diogulako.

Pazienteek zainketa aringarriak eskainitakoan, nola erreakzionatzen dute?

Oso une gogorra izaten da. Paziente batzuk ospitalean zerbait diagnostikatuta datoz gugana. Baina, normalean, beste unitate batzuetan ospitaleratuta dauden gaixoak dira. Adibidez, onkologoek esan diote kimioterapiak, jada, ez diola eragin onik egingo. Albiste txarra jaso zuenetik helduleku izan duen kimioterapia utzi eta gure unitatera etorri behar duela. Bidea oso gogorra da, eta kontu handiz egin beharrekoa. Gaixoaren sendia ere ezagutzen duzu. Azaltzen diezu guztia, eta iristen direnean duten antsietateak eta kontsultatik irtetean dutenak, ez dute zerikusirik. Lasaitu egiten dira. Oro har, gizarteak pentsatzen du: bukatu da kimioterapia, zainketa aringarriak jasoko dituzu eta bi egun gelditzen zaizkizu mundu honetan. Baina ez, egun ez da horrela.

Heriotza barneratuta al dugu gizartean?

Ez. Gai tabua da. Ezin da hizketaldi guztietan heriotzari buruz hitz egin, baina errealitatea da. Eta gustatu edo ez, denok hilko gara, eta gustatu edo ez, gaixotasun batzuk ez dute tratamendu sendagarririk. Normalitate gehiagorekin hitz egin behar genuke heriotzaz, bizitzaren zati delako, eta ezin zaiolako ihes egin. Uste dut lehen gaur egungo gizartean baino normaltasun gehiagorekin hartzen zela; umeak ez ziren etxetik ateratzen, aitona edo amona hiltzen ari zelako. Gaur egungo gizartean denok ahalik eta denbora gehien bizi nahi dugu, eta medikuntza eta ikerketa, sendatzea... soilik axola zaizkigu. Heriotzaren prozesuan hainbat fase daude, eta horietako bat onarpena da. Lanean daramadan denboran, heriotza onartzen duen inor ez dut ezagutu. Gogorra da errealitatea onartzea; inork ez dugu nahi joan bizitza honetatik. Baina landuz gero, lasaitasun handiagoarekin joan daiteke. 

Eutanasia zainketa aringarriekin nahasi izan da. 

Zainketak eta eutanasia baino, sedazioa eta eutanasia nahasten ditu jendeak. Eutanasia gai zabala izateaz gain, errealitatearen parte da, baina ez dago onartuta. Eskaerak badaude, baina gaixoak kontrolatu gabeko sintomak –mina, goragalea...­­– dituelako egiten dizkigute, normalean. Sintomak kontrolatuz gero, aldatu egiten zaie ikuspuntua. Kontua da sedazioarekin nahasten dela, eta oso gauza desberdinak dira. Pazienteak gaixotasun sendaezina duenean edo gaixotasuna garatzen ari denean, gaixo horrek mina, fatiga, nahasmena, sufrimendu emozionala... dituenean, eta zuk eta lantaldeak ahal duzuen guztia egin eta sintoma kontrolatzerik izan ez duzuenean, sedazio aringarria egin diezaiokegu pazienteari. Helburua da sintoma hori kontrolatzea, eta horretarako dagoen aukera bakarra da lokartzea. Helburua ez da bizitza luzatzea edo moztea, eta eutanasiaren helburua pazientearen bizitzarekin amaitzea da. 

Zainketa aringarriak ondo hornitutako sektorea al da?

 

Gure unitatea mediku batekin hasi zen martxan, eta orain hiru izanda ere, oso gutxi gara. Hasi ginenetik hona, errekurtsoak gehitu dira, 14 oheko unitatea dugu, baina instituzioei gehiago interesatzen zaie teknika berriak-eta garatzea, zainketa aringarrietan inbertitzea baino. Hori da errealitatea, ikusi nahi ez dugun arren. Badirudi besteei gertatzen zaizkien kontuak direla. Norberak beharra duenean, gertu tokatzen zaigunean, jabetzen gara, baina geuri tokatzen ez bazaigu, hor konpon! Eta hori profesionalei ere gertatzen zaie; mediku askok tratamendu sendagarririk ez dutenean, abandonatu egiten dute gaixoa. Ez zaie interesatzen. Gogorra da, baina erreala.

Jendeak ezagutzen al du egiten duzuen lana?

Gero eta gehiago. Dena den, ezjakintasun handia dago. Jendeak, eta profesional askok, porrot moduan hartzen ditu zainketa aringarriak, gaixoa sendatzerik ez dutelako izan. Baina urteek aurrera egin ahala, sinesgarritasuna lortu dugu ospitaleetan, gizartean, eta jendeak ikusi du gure lana ez dela morfina jartzea edo besarkadak ematea soilik. Gertutasuna eta tratua garrantzitsuak dira, baina horretarako ez dago medikua izan beharrik. 

Nolakoak dira pazientearen eta medikuaren arteko harremanak?

Lehen, harremanak paternalistak ziren; medikuak esaten zuena egiten zuen pazienteak. Egun, Pazientearen Autonomia Legearekin, ez. Lege horri esker, eta informazio egokia jaso ostean, aurretiazko borondateen agiria egin dezake pazienteak. Gaixoak erabakimena baldin badu, exijitu dezake bata edo bestea. Baina ahalmen hori galdu badu, nork hartzen ditu erabakiak? Askotan esaten dugu: “Ni halako egoeratan banago, ez dakit zer ez egin, e!”. Eta hori idatzita utzi daiteke orain. Horrek ez du esan nahi, eutanasia egiteko eska daitekeenik... baina aurretiazko borondateen agiriak asko lagun diezaioke medikuari. Jakin dezakegu zer nahi duen pazienteak, eta errespetatu egingo dugu