Euskal presoen eskubideen alde ''harriak mugitzera'' deitu du Azpeitiko Sarek

Uztarria.eus 2016ko urt. 4a, 13:02

Ehunka herritar mobilizatu ziren joan den ostegunean, abenduak 31, euskal presoen eskubideen alde urtero egiten den manifestazioan. Bertan, datorren zapatuan, urtarrilak 9, Bilbon eta Baionan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin zuen Azpeitiko Sarek. "Dispertsioarekin eta salbuespen egoerarekin amaitzeko" herritar guztien indarrak beharrezkoak direla adierazi zuten, "elkarlanean, denen ekarpenarekin, edozein harri mugi daitekelako". Horrez gain, azpimarratu zuten "Madril eta Parisko harritzarrak mugitzea are zailagoa" dela inor ez badabil bultzaka. Horren haritik, manifestazioan parte hartu zuten herritarrek harriei tiraka horiek mugitu ahal direla irudikatu zuten.

Dagoeneko eman daiteke izena zapatuan autobusean Bilbora joan-etorria egiteko, Pastorkua, Urtzi, Etxezuri, Orkatz, Jim Clark eta Izaro tabernetan. Autobusa 15:30ean abiatuko da anbulatorio aurretik. Manifestazioa, aldiz, 17:00etan hasiko da Bilbon nahiz Baionan. 

Bestalde, Azpeitiko Sarek eskerrak eman nahi izan dizkio gabonetan Sareren deialdietan parte hartu duten azpeitiar guztiei, "aurtengo ekimenak oso jendetsuak izan direlako".