Mikel Aiestaran eta Karlos Zurutuza freelance kazetariek hitzaldia eskaini zuten atzo, asteartea, Sanagustin kulturgunean. Leporaino bete zen aretoa, eta Ekialde Hurbilaz jardun zuten bi ordu inguruz hizlariek. Nekane Zinkunegi moderatzaileak jarritako puntuez jardun zuten hasieran, eta ondoren entzutera bertaratutako herritarrek izan zuten galderak egiteko tartea.
Hemen, atzoko hitzaldiko esan batzuk:
Mikel Aiestaran
- "Konspirazio teoria ugari dago Ekialde Hurbilean, eta ISISen inguruan gehiago".
- "Iraultza arabiarra gaizki izendatutako fenomenoa da".
- "Gerra politikoa dago eta erlijio gerra (suni eta xiien artekoa). Sunientzat herrialdea sortu nahi dute"
- "Siriakoa urrutiko gerra izan da, udara honetan gerturatu digute bertako errefuxiatuek".
- "Estatu Islamikoaren gotorlekua Iraken dago, eta ez Sirian".
- "Estatu Islamikoak nahi du etsaia probokatzea, etsaia gerturatu dadin".
- "Libiara iritsi nintzenean Gadafi presidentea zen; handik bi egunera diktadore deitzen hasi ziren. Eufemismoz betetako mundu batean bizi gara".
- "Gerra harrigarria eta nazkagarria da".
- "Gerra kazetariak pertsona arruntak gara, ez heroiak".
- "Siriakoa mundu gerra da, garbi: interesak, agenda desberdinak, politika eta erlijioa hor daude".
Karlos Zurutuza
- "Hedabideek nahita erlijioen arteko gerra bezala azaldu digute Ekialde Hurbilekoa. Horri eman diote garrantzia".
- "Objektibotasuna alde batera utzita, ikusten dudana kontatzen dut, zintzotasunez. Horri zintzotasuna deitzen zaio. Izan ere, Damascon banago hango berri kontatuko dut eta ez Alepoko kontuak".
- "Kurdistan izan da ISISen kontrako lehenbiziko lubakia".
- "Kurduek gizarte zibila antolatu dute, han bizi diren herri guztientzat, ez soilik kurduentzat".
- "Sirian 250.000 lagun hil dira azken lau urteetan".
- "Errusia Alasad babesten ari da, garbi du zer egin; mendebaldearen agenda misterioa da. Galdera nagusia Washingtonen agendan benetan zer dagoen da".
- "Gatazka hau zaila da ulertzeko. Lagunei galderak ezin erantzunda gelditzen naiz askotan. Siriarrek ere ez dakite zer gertatuko den. Zaila da ulertzea, eta baita irtenbidea ematea ere".
- "Askotan kontatu behar izaten dugu geuk ondo ulertu ez duguna".
- "Arabiar udaberria deitu izan zaio fenomenoari eta horrela deituta denak arabiarrak direla uste dugu. Baina arabiarrak ez diren herri asko daude, hala nola kurduak, asiriarrak...".
- "Turkia garrantzitsua izan da Estatu Islamikoa indartzeko".