Haritz Etxeberria: "Euskararen legea ez da egokitu eta gaur egun euskararen aurka egiteko erabiltzen da"

Uztarria.eus 2015ko abe. 30a, 13:39
Haritz Etxeberria.

2015eko Hausnartu Euskal Soziolinguistika sariketako hirugarren saria irabazi zuen Haritz Etxeberriak (Azpeitia, 1980) joan den azaroan. Zuzenbidean graduatutako azpeitiarrak EAEko gehiengo euskalduna duten udalerriak epaitegi erdaldunetan lanari esker irabazi du sari hori. Uztarria.eus-ek Etxeberriarekin hitz egin du.

Zertan datza egin duzun lanak?

Azken aldian pil-pilean dagoen arazo juridiko bat hartu du ardatz nire lanak. Udalek hartutako erabakiak, akordioak eta akten laburpenak Gobernu Zentralaren Ordezkariordetzari igortzeko obligazioa dute eta erabili beharreko hizkuntzaren inguruko eztabaida egon da. UEMAko kide diren udal askok euskara hutsean izapidetu dituzte horiek eta Gobernu ordezkaritzak, Urkijo buru duela, ez jasotzat jo ditu, bi hizkuntza ofizialetan bidali behar dituztela esanez eta euren argudioa Euskararen legearen 8.2 artikuluan oinarrituz. Oinarritzat hori harturik, lehenik, toki administrazioari aplikagarriak zaizkion arauen azterketa bat egin dut; estatuko araudia aztertu dut. Ondoren, gure autonomia erkidegoak eta auzitegiek emandako jurisprudentzia aztertu ditut. Beste autonomia erkidegoek (Katalunia eta Galiziak) arazo berdinen aurrean erabili dituzten irtenbide juridikoak ere aztertu ditut eta, azkenik, arazo horiek gainditu ditzakeen Udal Lege Proiektua.

Nondik sortu zitzaizun udalek aktak eta akordioak euskaraz soilik izapidetzean izan dituzten arazoak aztertzeko ideia?

Zuzenbide gradua ikasi nuen eta Zuzenbide Administratiboa ikasgaia eman nuen bertan. Irakasleak klasean pista batzuk eman zizkidan. Jakin-mina sorrarazi zidan euskararen inguruko legediaren inguruan. Gobernu ordezkaritzaren jarrera ikusita, garbi neukan ez zela onargarria. Horren inguruan azterketa bat egitea garrantzitsua iruditu zitzaidan eta, gaiak motibatuta, euskararen erabileran EAEko gehiengo euskalduna duten udalerrietan sortzen diren arazo juridikoen azterketa egin nuen. Hori izan zen nire gradu amaierako proiektua. Ondoren, zehatz mehatz gai konkretu hori aztertu eta Hausnartu sarietara aurkeztu nuen.

Zerk bultzatu zintuen Hausnartu sarietan parte hartzera?

Espontaneoa izan zen. Belen Uranga koordinatzaileari deitu nion eta Hausnartu sarietara aurkezteko ideia nuela esan nion. Berak lana aurkeztera animatu ninduen, gustura irakurriko zutela esan zidan. Egindako lanaren errekonozimendu bat nahi nuen eta klusterrak publikatzeko aukera ematen zidan, aurkezten diren lan guztiak publikatzen direlako. Oso gustura gelditu nintzen hirugarren saria jasota, ez nuen halakorik espero.

Nolakoa izan da ideia sortzetik emaitza lortu arteko prozesua?

UEMArekin gertuko harremana eduki dut. Izan ere, lan hau elkarlan bat izan da eta motibatu egin nau horrek. Informazioa aurkitzen eta ondorio batzuetara iristen asko lagundu didate. Gai hau epaitegietan dago eta hori aurrera eraman duen zerbitzu juridikoarekin harremanetan egon naiz. Gai hori bete-betean epaitegira zihoan eta demandei erantzun genien. Teorian eta praktikan egin nuen lan, eta saria errekonozitzeaz gain, epaileek arrazoi eman digute. Euskadiko Auzitegi Nagusian dagoen gai bat da eta Donostiako Administrazio Auzien Epaitegiak arrazoia eman digu. Esan beharra dago, aurrez, Lekeition, kasu berdina alderantziz ebatzia izan zela.

Euskararen Legea bera euskararen aurka egiteko erabiltzen dela diozu. Zer esan nahi duzu horrekin?

Gure Autonomia Erkidegoan udalek eta, oro har, erakunde publikoek, euren eginbideetan bete behar duten hizkuntza-erregimena, Euskararen Normalkuntzaren Legearen 8. artikuluan jasotakoa da. Artikulu horren arabera elebitasun simetrikoa da erabileraren arau nagusia; hau da, bertan aipatzen diren jarduerak euskaraz eta gaztelaniaz, bi hizkuntza ofizialetan, idatzi behar dira beti. Bere garaian aurrerapausoa izan zen 8. artikuluko elebitasun-erregela hori oztopo bilakatu da gaur egun zenbait lekutan euskararen erabilera areagotzerako orduan. Hori ez da Konstituzioak eragozten dielako, Euskararen legeak baizik; elebitasun simetrikoz jardutea ahalbidetzen dielako. Euskara hutsean jarduteari dagokionez, Konstituzioa bera baino estuagoa da Euskararen Legea. 1982tik gaur egunera arte ez da aldaketarik egon eta hori da arazoa. 8.3. legea, gehiengo euskalduna duen udalerrietan inor diskriminatu gabe euskaraz bakarrik jardun daitekeela dioena, indargabetu zen eta ez da beste artikulurik egin. Ez da beste legerik onartu. Euskal Legebiltzarraren-eta, batik bat, alderdi abertzaleen partetik jarduera eza egon da. Euskararen legea ez da egokitu eta gaur egun euskararen aurka egiteko erabiltzen da. Hala ere, esan beharra dago lan honetan frogatuta geratzen dela administrazioen arteko harremanetan ez dela aplikagarria artikulu hori eta euskara soilik erabili daitekeela euren harremanetan, gaztelania soilik erabiltzen den moduan.

Udalen euskarazko jardunean lege mailako arau bat onartu behar dela diozu lanean, “behar adinako aterki juridiko bat izan dezan”.

Auzitegi Konstituzionalak 8.3 legea indargabetu zuenez, ez dago beste artikulu aplikagarririk. Euskararen legean hutsune bat dago. Espainiako Konstituzioak 149.1.18 artikuluan eskumena ematen dio autonomia erkidego bakoitzari arautzeko muga batzuk ezarriz. EAEn administrazio gehienek gaztelaniaz funtzionatzen dute. Euskaraz jarduteko ez lukete oztoporik izan behar, beti ere jakinda, egun indarrean dagoen ordenamenduarekin herritar batek gaztelaniaz informazioa jaso nahi badu, errespetatu egin beharko dela eta ez diskriminatu. Katalunia daukagu ispilu onena, noraino arautu daitekeen ikusteko eta ikasteko. Lege mailako arau bat onartu behar da.

Zure lanean, euskarak EAEn ez duela ordenamendu juridiko espainiarrak eskaintzea ahalbidetzen duen adinako Lege babesa ikus dezakegu.

Kasu honetan, arazoa ez da Espainiako Konstituzioa. Autonomia bakoitzak bere ofizialtasuna arautu behar du. Nafarroan ofizialtasuna era batera dago araututa; eremu baten ofiziala da eta bestean ez. Bertan ere arautu egiten da. Euskararen legea da aplikagarria den bakarra eta hutsune handia dago. Udalari eskumenik ez zaio eman eta udalek ezin izan dute arautu orain arte. EAEn hori arautzearekin ez gara kezkatu. Bi hizkuntza erabiltzen dira eta ofizialtasun dual hori ez da logikoa. Hizkuntza bat ofiziala bada bera bakarrik eta itzulpenik gabe izango da ofiziala. Ez da aprobetxatzen Konstituzioak ahalbidetzen duen eremu guztia, eta hori penagarria da. Espainiako ordenamendu juridikoa baino estuago da gure legedi autonomikoa. Katalanek egin duten bezala, hemen ere, Legebiltzarrak lanketa handi bat egin behar du.

"Estatuko Administrazioak oztopoak jartzeari utzi eta Legedia aplikatu behar du, bere Organoak antolatzean beharrezko neurriak hartuz, praktikan euskaraz jardun ahal izateko". Hori betez gero, gauzak nola aldatuko liratekeela uste al duzu?

Espainiako Konstituzioko 149.1.18. artikulua oinarri hartuta, autonomia erkidegoetako botere publikoek ofizialtasuna arautu dezakete, baina ezin dute inolaz ere estatuak autonomia erkidegoan dituen organismoen jardun-antolamendua arautu, hori gobernu zentralari baitagokio. Botere Publikoak ez dira hizkuntza eskubideen jabe, herritarrak baizik. Botere publikoek herritarren eskubideak errespetatzeko obligazioa dute, eta praktikan ez dituzte errespetatzen. Gizarte Segurantzara joan eta gaztelaniaz egin behar dugu, notaritzara joan eta gaztelaniaz egin behar dugu, epaitegietara joan eta gaztelaniaz egin behar dugu... Horri buelta bat ematea lortuko genuke.

Orain arteko egoera hobetzeko zer irtenbide ikusten dituzu?

Nire lanean Euskararen Udal lege-proiektu berria aztertzen dut. Hori Eusko Legebiltzarrak, ziurrenik, laster onartuko du, eta arazoak konpon ditzake. Bertan jasotzen diren artikuluak epaitegietan nola interpretatuko dituzten ikusi behar da. Esperantzak ditut udal lege horrek arazoak gaindituko dituela. Hala ere, izan ditzakeen ahulguneak ikusi eta hobekuntza proposamenak egitera ausartu naiz egindako lanean.

Hobekuntzak emateko, nork eman behar du lehenengo pausoa?

Eusko Legebiltzarrak. Lege hori behingoz onartu eta udalek egikaritu behar dute. Gero praktikan arauen interpretatzaile diren auzitegiek nola interpretatzen dituzten ikusi beharko da. Udal lege berri horrekin gauzak ondo ez badira irteten, berriz, beste lege bat egin beharko litzateke.