FGM Azpeitia enpresa erosi du Maecenas Kapitalek

Uztarria.eus 2015ko abe. 29a, 12:36

Mondragon Inversionesek eta duela gutxi langile bazkideek sortutako kooperatibak enpresaren kapitalaren %24,5 mantenduko dute. Langile guztiak mantenduko dituztela ere jakinarazi du Maecenas Kapitalek.

Maecenas Kapital Espainiako kapitala berregituratzeko funtsak Azpeitiko Fagor Grupo Mueble (FGM) erosi du (Danona bezala ezagutzen dena). Maecenas Kapitalek jakinarazi duenez, "horrela enpresak aktibitatea zabaldu ahal izango du, eta nazioarteko estrategia berri bat garatu". Maecenas Kapital zailtasunetan dauden enpresak erosten eta berregituratzen dituen funts bat da, eta Madrilen du egoitza.

Funts horretako kideek azaldu dutenez, FGM erosi izanak Mondragon Inversiones eta langile bazkideek osatutako kooperatibak enpresaren kapitalaren %24,5 mantentzea ahalbidetu du. Gainera, langile guztiak mantenduko dituzte. Maecenasekoek azaldu dutenez, "halako aurrekaririk ez da izan inoiz Espainian".

Plan Estrategikoan zerrendatu dituzten ekintzen artean da 'naming' berria sortzea. Maecenas Kapitalen arabera, "horrek norabide aldaketa garrantzitsua" ekarriko du: "Norabidea aldatuko du dekorazio integralaren negozioa bultzatzearekin batera. Modu horretan salmentak igotzea nahi dugu, eta 10 milioi eurotik gorako fakturazioa aurreikusten dugu 2016an".

Fagor Grupo Mueblek lekua egina zuen hoteletarako altzarien-eta merkatuan. Urte askoko ibilia nazioartean, eta kanpoko merkatuetan, batez ere, Estatu Batuetakoetan egin du apustua. 

Francisco Vera da enpresako presidente berria, eta hark azaldu duenez, "taldeak zabalkundea espero du, erritmo egoki batean". "Gaur egun nazioarteko hainbat eskari ditugu, hala nola Hilton hotels and resorts, Accor, Holiday Inn, Melia, Wyndham eta Best Western hotelenak".

Danona, Coinma eta Fagor Sukaldeak enpresen baturatik sortu zen FGM, 2012an. 2014ko apirilean, hartzekodunen konkurtsoa aurkeztu zuten. 2015eko martxoan bukatu zen prozesua, hartzekodunen bi herenek FGMk Hartzekodunen Batzar Orokorrean aurkeztu zuen bideragarritasun planari baiezkoa eman ondoren. Enpresaren hartzekodunen artean dago Azpeitiko Udala.

FGM enpresak eta Azpeitiko Udalak, enpresak udalarekin duen zorra hamar urteko epean eta interesik gabe ordaintzeko hitzarmena sinatu zuten joan den urrian.