Hilaren 26an, zapatuan, Ion Etxeberria eta Matxin III.a azpeitiarrek Endika eta Ezkurraren aurka jokatu zuten 45. Binakako Erremonte Txapelketako finala, Hernaniko Galarreta pilotalekuan. Txapelketaren azken partida horretan azpeitiarrek ez zuten txapela etxera ekartzea lortu, 40-24 galdu baitzuten.
Ion Etxeberriak, iaz, hirugarren txapela lortu zuen. Aurtengoan Matxin III.ak ezin izan du lehenengoa irabazi eta ezta Etxeberriak laugarrena ere. Endikak eta Ezkurrak "nabarmen" gainditu zituztela aitortu du iazko txapeldunak: "Aldeagatik irabazi digute. Ez dugu gustura jokatu eta, nahiz eta txapelketan zehar ondo ibili garen, azken partida txarra irten zaigu". Iaz, Ionek Ezkurrari irabazi zion, baina aipatu duenez, aurkariek "serioago" jokatu zuten: "Serio jokatu dute eta guk, aldiz, akats asko egin ditugu. Ez gara partidan sartu eta ez dago aitzakiarik. Hobeagoak izan dira eta zoriontzea besterik ez zaigu gelditzen."
Azpeitiko atzelariak duela bi urte eskuratutako titulua berretsi zuen binakakoan. 2013an, Utergarekin jantzi zuen bere bigarren txapela. Estraineko garaikurra, berriz, 2011n irabazi zuen, Zeberiorekin.