Liburuak itzultzeko zerbitzu berria abian da Udal Liburutegian

Uztarria.eus 2015ko abe. 23a, 19:13
Josu Labaka eta Leire Goenaga zinegotziak, eta Beatriz Aranbarri liburuzaina, maileguak itzultzeko buzoiaren ondoan. (AZPEITIKO UDALA)

Maileguak itzultzeko buzoia jarri dute Enparan Dorretxeko atarian, liburutegia itxita dagoenean erabiltzeko. Bestalde, Gabonak direla eta, Udal Liburutegia itxita egongo da abenduaren 24, 25, 26 eta 31n eta urtarrilaren 1ean eta 6an.

Maileguan hartzen dituzten liburuak itzultzeko aukera berria izango dute aurrerantzean Udal Liburutegiko erabiltzaileek. Enparan Dorretxeko atarian, liburutegiko sarreraren kanpoaldean, maileguak itzultzeko gunea edo buzoia jarri dute. Modu horretan, liburutegia itxita dagoenean ere maileguak itzultzeko moduan izango dira erabiltzaileek.

Atariko buzoia, hori bai, liburutegia itxita dagoenean bakarrik erabili ahal izango dela zehaztu dute zerbitzuaren berri eman duten Udal Liburutegiaren arduradunek eta udal ordezkariek: "Buzoi berriarekin, liburutegiko erabiltzaileei erraztasunak ematea nahi du Udalak, baina modu egokian erabiltzeko deia egin nahi da. Liburutegiak bere ordutegia du eta buzoi hau ordutegitik kanpo, hau da, liburutegia itxita dagoenean erabiltzeko da. Izan ere, hainbat herritarren kexak iritsi ziren, liburutegiko ordutegian ezin zutela liburuak itzultzera iritsi esanez, eta horregatik jarri da zerbitzu berria".

Maileguak itzultzeko erraztasunak aurkeztearekin bat, 2016ko aurrekontuetan Udalak liburutegira bideratutako diru-poltsa handituko duela ere aurreratu du Josu Labaka Kultura zinegotziak. "Udal Liburutegiak urtean 53.600 erabiltzaile baino gehiago ditu, hilean 6.000tik gora. Ematen den zerbitzua balioan jartzea nahi dugu, erabiltzaile kopuru handia du eta ahalik eta zerbitzu onena eta osatuena ematen jarraitu nahi dugu", azaldu du.

Gabonetako egutegia

Bestalde, Gabonak direla eta, Udal Liburutegia itxita egongo da abenduaren 24, 25, 26 eta 31n eta urtarrilaren 1ean eta 6an.

Gainontzeko egunetan ohiko ordutegia izango du: astelehenetik ostiralera 09:00etatik 13:00etara eta 15:30etik 20:00etara; eta larunbatetan, berriz, 09:00etatik 13:00etara.