2013an bikotekide ohiari muturrekoa emateagatik, 31 egunez gizarte lanak egitera zigortuta

Uztarria.eus 2015ko abe. 23a, 10:59

Zigor horretaz gain, emakumeak ezin izango du gizon horrengana gerturatu eta ezta berarekin urtebetean komunikatu ere.

31 egunez gizarte lanak egitera zigortu dute 2013an bikotekide ohiari Azpeitian muturrekoa eman zion emakumea. Sententziaren arabera, 2013ko abenduaren 1eko 18:45ak inguruan jazo zen gertaera. Gizonezkoa bere autoan zegoen Azpeitian, eta emakumea berarengana gerturatu zen. Hasieran, iraintzen hasi zen eta, ondoren, muturrekoa eman zion.

Gizonari, golpearen ondorioz, sudurra ubeldu eta handitu egin zitzaion. Horrez gain, eskuineko begiko bi betazaletan ekimosiak ere eduki zituen. Gizonezkoak astebete behar izan zuen lesioetatik errekuperatzeko. 

Epaiketan fiskaltzak jarritako zigorrarekin ados agertu zen emakumea. 31 egunez gizartearen lanak egin beharko ditu, "eremu familiarrean egunerokotasunean tratu txar ez ohikoa emateagatik". Zigor horrez gain, erasotzaileak ezingo du urtebetez biktimarengana gerturatu eta ezta berarekin komunikatu ere. Interes legalei dagozkien 180 euro ordaindu beharra ere izango du.