Lana Erregulatzeko Iraungitze Txostena aurkeztu du Antzibar enpresak

Urola Kostako Hitza eta Uztarria.eus 2015ko abe. 23a, 11:19

Egun 33 langile ditu enpresak, eta Antzibarreko ordezkariek azaldu dutenez, "langile guztiek sinatu dute Lana Erregulatzeko Txostena. "Obretan izandako galeren ondorioz hartu behar izan dugu erabakia", esan dute eraikuntza enpresakoek.

Langileak kaleratzeko Enplegua Erregulatzeko Iraungitze Txostena aurkeztu du Antzinbat eraikuntza enpresak. Enpresa ez dute itxiko "administratiboki", baina langileak kaleratzeko txostena aurekeztu dute. Hala jakinarazi diote Antzibarreko kideek Urola Kostako Hitzari.

Zenbat langile kaleratuko dituzten ez diote jakinarazi aipatutako hedabideari, baina bai neurri hori hartzera behartu dituen arrazoia: "Obretan izandako galeren ondorioz hartu behar izan dugu erabakia". Langile guztiei ordaindu beharrekoa ordaindu diela ere azaldu dute Azpeitiko eraikuntza enpresakoek eta Enplegua Erregulatzeko Txostena langile guztiek sinatu dutela ere adierazi dute.

Noticias de Gipuzkoa egunkariak gaur argitaratutakoaren arabera, 33 langile dira Antzibarretik kaleratuko dituztenak; gaur egun dituen denak, hain zuzen.

1985ean sortuta

1985ean sortu zuten Antzibar eraikuntza enpresa, Lazkano Taldearen barruan eta Lazkano Eraikuntzak enpresaren oinordeko gisa. Talde horretako kide zen Hormigones Lazkano enpresa ere eta 2012ko urrian itxi zuten.

Azpeitian hainbat eraikuntza lan egin ditu Antzibarrek, eta gaur egun Berdura plaza eraberritzeko obrak egiten ari dira.