Artisau Azoka eta bidezko merkataritzako denda, Gabonetako beste bi hitzordu

Uztarria.eus 2015ko abe. 22a, 19:25

Herriko eta inguruetako artisauek bihar, asteazkena, arratsaldean jarriko dituzte saltokiak Sanagustinpean. Mixio Taldekoen denda, berriz, martxan da hilaren 18tik Frontoi Txikiaren ondoko lokalean.

Gabonen bueltan bateko eta besteko egitasmoek betetzen dute herrian urte zaharraren bukaerako eta berriaren hasierako egutegia. Opariak egiteko urteko sasoirik ohikoena ere bada egunotakoa, eta horretarako ez-ohiko aukerena ere bai.

Horrela, esaterako, bihar arratsaldean Artisau Azoka izango da Sanagustinpean, 17:00etatik aurrera. Artiekinek antolatutako azoka horretan, herriko eta inguruetako artisauek jarriko dituzte saltokiak.

Dagoeneko abian dena, berriz, Mixio Taldearen bidezko merkataritzako denda da. Aspaldiko urteetan bezala, Frontoi Txikiaren aldamenean duten lokalean jarri dute denda. Hilaren 18an ireki zuten eta urtarrilaren 5era arte egongo da han. Abenduaren 24an, 25ean eta 31n, eta urtarrilaren 1ean, itxita egongo da denda. Gainerako egunetan, astelehenetik zapatura 18:00etatik 20:00etara eta igandetan 12:00etatik 14:00etara irekiko ditu ateak.