Aldundiak 2016rako aurrekontuen zirriborroan Urrestillako bidegorrirako dirurik ez duela jarri dio Udalak

Uztarria.eus 2015ko abe. 18a, 19:02

Atzo Uztarriak argitaratutako albistearen harira oharra plazaratu du. Maiatzeko hauteskundeen ondoren Aldundiko arduradunekin harremanetan egon direla dio, "proiektu hori egitea bermatzeko", eta Diputazioak "ez dela eurentzako lehentasunezkoa" jakinarazi diela.

Azpeitia eta Urrestilla lotuko dituen bidegorria egiteko diru-partidarik ez du sartu Gipuzkoako Foru Aldundiak 2016ko aurrekontuen zirriborroan. Hala adierazi du Azpeitiko Udalak gaur, ostirala, ohar bidez. "Bilerak egin ditugu, eta bertako arduradunek [Aldundikoek] jakinarazi digute proiektu hori ez dela eurentzako lehentasunezkoa. Eta 2016ko Foru Aldundiaren aurrekontuen zirriborroan ez dute horretarako diru partidarik sartu. Behin baino gehiagotan egon gara arduradunekin, baina jaso dugun erantzuna hori izan da".

Atzo Uztarriak argitaratutako albistearen harira plazaratu du oharra Udalak. Urrestillarako bidegorria egitea hitzartu zuen Udalak maiatzean aurreko Diputazioarekin, eta lanak urte hau bukatu baino lehen hasiko zituztela ere bai. Orduan hitzartutakoa maiatzeko hauteskundeen ondoren eratutako Diputazio berriaren 2016rako aurrekontuen onarpenaren menpe dagoela jakinarazi diote Uztarriari Foru Aldundiko Mugikortasun sailean, baina aurrekontu proposamenean aurreikusita dagoela bidegorriaren proiektua.

Udalak, ordea, dio datorren urtean horretarako dirurik ez duela jarriko Diputazioak. "Abenduaren 23an dira Foru Aldundiaren aurrekontua Batzar Nagusietan onartzekoak. Orduan argituko da guztia. Bitartean, guk Diputazioarekin harremanetan jarraituko dugu, Urrestillarako bidegorria egin dezaten gure esku dagoen guztia egiteko", gaineratu dute.

Udalaren adierazpena, osorik

Hau da Azpeitiko Udalak Urrestilako bidegorriaren gainean atera duen oharra, osorik:

"Komunikabide baten bidez jakin dugu Diputazioak proiektua egiteko asmoa duela esan duela. Guk ez dugu horren berririk, eta guri inork ez digu jakinarazi horrelakorik. Hala ere, hala bada, pozten gara, Urrestillarako bidegorria herritarren, herriaren eta ingurumenaren mesederako dela uste dugulako eta proiektu hori hasiera-hasieratik defenditu eta bultzatu dugulako. Esan bezala, Udalak aurreikusita dauka berari dagokion zatia egiten hasteko diru-partida, eta berari dagozkion lanak lehenbailehen hasteko prest dago.

Gogorazi nahi dugu:

  • Urrestillarako bidegorria egiteko proiektua aurreko legegintzaldian adostuta gelditu zela Foru Aldundiko arduradunekin, eta bertan Diputazioak zati nagusia egiteko konpromisoa hartu zuela, eta Udalak berari zegokiona egitekoa. Proiektua, eta diru kopurua ere, lotuta gelditu ziren.
  • Maiatzeko hauteskundeen ondoren, Diputazioan aldaketa egon da, ordea, eta bertako arduradunekin harremanetan egon gara proiektu hori egitea bermatzeko. Bilerak egin ditugu, eta bertako arduradunek jakinarazi digute proiektu hori ez dela eurentzako lehentasunezkoa. Eta 2016ko Foru Aldundiaren aurrekontuen zirriborroan ez dute horretarako diru partidarik sartu. Behin baino gehiagotan egon gara arduradunekin, baina jaso dugun erantzuna hori izan da.
  • Udalak, hala ere, berari dagokion zatia egiteko diru-partida sartu du 2016ko aurrekontuetan, proiektu hori ezinbestekoa dela ikusten dugulako, eta Foru Aldundiarekin adostasunera iristeko lanean segitzeko asmoa badugulako. Horretan saiatu gara orain arte, eta horretan saiatuko gara hemendik aurrera ere.
  • Abenduaren 23an dira Foru Aldundiaren aurrekontua Batzar Nagusietan onartzekoak. Orduan argituko da guztia. Bitartean, guk Diputazioarekin harremanetan jarraituko dugu, Urrestillarako bidegorria egin dezaten gure esku dagoen guztia egiteko.
  • Gogoratu nahi dugu, Gipuzkoako alderdi politiko guztiei helarazi geniela Azpeitiko Udalak aho batez onartutako mozioa. Maiatzeko Udalbatzan, EH Bilduk, EAJk eta Hamaikabatek Udala eta Aldundiaren arteko hitzarmena aho batez onartu zuten.
  • Azkenik, asteazkenean (hilak 16) Urrestillako bizilagunekin bilera egin genuen, eta bertan jorratu genuen bidegorriaren gaia, bertaratu zirenekin".